angle-left Skolae programa txalotua izan da Madrileko Hezkidetza eta generoaren inguruko nazioarteko 1. kongresuan

Juan Romo, Carlos III Unibertsitateko errektoreak ireki du kongresua eta une horretatik bertatik, Skolae programa izan da protagonista, Estatuko Berdintasun Idazkari Soledad Murillo izan da Skolae goraipatzen lehena

2018/10/30

Nazioarteko Hezkidetza eta genero kongresua Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ospatu da lehen aldiz asteburuan. Eta kongresuaren hasieratik Nafarroako Skolae berdin bidean hezkidetza programa txalotua eta goraipatua izan da.

 

1.000 pertsona baino gehiagok izena eman du hezkidetzaz aritzeko nazioarteko kongresu honetan, beste askoren artean lehena izan nahi duen kongresuan, hain zuzen ere. Soledad Murillo Estatuko Berdintasun Idazkaria izan da lehen hitza hartzen eta zendu berri den Carmen Alborch Kultura Ministro ohiarekin oroitu nahi izan du. Ondoren aipamen berezia egin dio Nafarroako hezkidetza programari “Skolae programak ez du pekaturik egin, giza eskubideak ez baitira pekatu”. Hortik aurrera egitarauak aurreikusitako mintzaldiak izan dira Leganesen dagoen Carlos III Unibertsitateko entzutegian.

Amparo Tomé eta Marina Subirats, hezkidetzan adituak, izan dira “40 urte hezkidetzan eta bagoaz” izeneko hitzaldiarekin taulara igotzen lehenak. Biek ala biek esker oneko hitzak izan dituzte ere Nafarroako Gobernuarekiko Skolae hezkuntza programa ezartzeagatik. Amparo Tomék azpimarratu du orokorrean irakasleen formazioa “egiteko dagoen ikasgaia da oraindik”. Ezagututako esperientzietatik mintzatu dira, eta bertan zein nazioarteko mailan egindako diagnostikoei erreparatuta esan dute, “mutikoei samurtasunez harremanak eduki ditzaten erakutsi behar diegu”.

 

Hurrengoa oholtza gainean Paqui Vega izan dute eta hezkidetzak Espainian bete beharreko legeez aritu da. Berak ere Skolae aipatu nahi izan du “egun indarrean dagoen legea betetzen duen adibide gisa”. Vegaren atzetik, Carmen Ruiz Repulloren txanda izan da “bortizkeria sexistarik gabeko eskolak” izeneko hitzaldiarekin. Ordubeteko jardunean datu kezkagarriak eman ditu Ruizek institutuetako bortizkeria matxistari dagokionean. Esaterako, azken 6 urteotan 5.000 bat adingabekori kautelazko neurriak ezarri zaizkiela, edota, gazteek sareetan ikusten duten eduki pornografikoko bideoetan “bortxaketa” dela gehien bilatzen den hitza. Horregatik, Carmen Ruiz Repulloren kasuan, hezkuntza afektibo-sexualean ezinbestekoa delako goraipatu nahi izan du Skolae programa.

Jarraian, 13:30ak aldera, Kongresuak izan dituen agerraldien artean instituzioetako ordezkari bakarra izanen den Maria Solana Arana Hezkuntza Kontseilariaren txanda izan da. Hasieratik jasotako babesa ikusita hunkituta aritu da Solana eta bere hitzetan behin eta berriz errepikatu du “gehiago gara gizon eta emakumeen arteko berdintasuna irizpide unibertsala beharko lukeela sinisten dugunok. Gehiago gara, ideologia askotarikoak izanda ere, gure ikasleek euren bizitza proiektua askatasunez eta generozko baldintzarik gabe eraikitzeko hezkidetza ezinbesteko tresna dela babesten dugunok”. Kontseilariak Skolae ezarri aurretik eta gaur egun nola garatu den azaldu dio publikoari, bai eta aurreko astean programaren kontra esandakoak ere. Pilar Mayo Hezkuntza departamentuko berdintasun arloko buruari hitza eman aurretik, Maria Solanak malko artean aitortu du “la manadaren auziko ebazpenaren zain dagoen gizarte batek ezin dio hezkidetzari muzin egin”.

Pilar Mayok berriz, programak dituen helburuak, ikasketak eta konpetentziak azaldu ditu. Bai eta aurreikusten dituen ikas-bideak, formazioak eta 16 zentrotan eginiko pilotatze-frogetan programak izan dituen emaitza positiboak ere. “Aurtengo ikasturtean programara batu diren 100 zentroetako 1.400 bat irakasle trebatzen ari gara”. Oraindik ere zereginik egon badagoela onartu du Mayok, batez ere ebaluazioa eta segimendu alorrean eta ezinbestekoa da “hasieratik datuak behar baititugu, ondoren alderaketak egin eta gauzatzen ari garenaren balorea demostratu ahal izateko”. Gaineratu duenez familia, ikasle eta irakasleen formazioa lehentasunezko helburua delako zentrorik zentro eskainiko dute, online edota egokitutako formatuetan eta edonorren eskura jarriko dute. Skolaeren inguruko hitzaldia amaitzeko Mayok aitortu du “proiektu ona da, atzean lantalde ona duena eta aurrekontu ona ere bai. Gakoa ordea irakasleak dira, zuek zarete ateak itxi eta irekitzeko giltza. Hezkidetzan hezi ezazue, arren.” Eta entzutegiko publikoa zutitu eta bi minutuz egon da txalo etengabean.

Kongresua, streaming bidez jarraitu ahal izan da. Arratsaldez eta igande goizez hizlariak txandaka igoko dira oholtzara, bien bitartean ordea, sare sozialetan Trending Topic ari da izaten gaia.