angle-left “Irakurketaren Epizentroak” proiektuan ikasleak behar dira epai mahai kide izateko

Gazteei zuzendutako 3 eleberri irakurri beharko dituzte ikasleek, eta onena aukeratu gero. Egilea ekainean etorriko da saria jasotzera

2018/09/24

Liburutegi Publikoek sortutako ekimen berria da “Irakurketaren Epizentroak” izenekoa eta irakurketa sustatzea du helburu. DBH 2. mailatik 3.era eta Batxilergoko 1.mailako ikasleek irakurketa-klubak osatuko dituzte, ikastetxe desberdinetatik eratorritako neska mutilekin osatuta. Gaztelaniaz iaz argitaratu diren gazte-eleberriak antzeman, irakurri, ebaluatu eta saritzea izanen da euren lana.

13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoen artean, ikasgelatik at, irakurzaletasuna bultzatzea da egitasmo honen nahia. Institutuetan (ala bigarren hezkuntzako zentroetan) irakurketa-klubak sortu eta dinamizatzeko modua ere bada, eta horretarako liburutegi publikoen laguntza izanen dute. Nerabeek espazio hori ezagutu dezaten, ez bakarrik ikasteko leku isil baten modura, baizik eta kultura gune moduan ere bizi ditzaten liburutegiak. Gainera, euren adineko jendea liburu baten aitzakiara ezagutzea ere ahalbideratuko du esperientzia honek.

“Irakurketaren Epizentroak” proiektuan parte hartu

2017an Espainian argitaratutako gazte-eleberririk onena saritzeko epaimahaiko kide izanen da proiektu honetan izena ematen duen neska mutil oro. Liburuak irakurri eta norberarena ez den beste institutuetako ikasleekin mintzatuko dira gazteak eleberrien inguruan. Horretarako topagune liburutegi publikoak izanen dira ikasturte osoan zehar. Epaimahai honen bilera ofizialak abenduaren 13an, otsailaren 14an eta maiatzaren 2an izanen dira 18:00etan hasita eta 19:30ak arte.

Oraintxe da irakurketa klub horiek sortzeko unea, urriaren 1a baino lehen izena eman behar baitute ikasleek. Kluba osatu eta antolatzeko irakasleen laguntza izanen dute, dagoeneko haiek jakinaren gainean baitaude. Finalista diren 3 eleberrien artean irabazlea aukeratzearen ardura, ordea, ikasleena bakarrik izanen dute. Ekaina hasieran ikasle denen topaketa-festan irabazlea iragarri eta idazle garaileari saria emanen diote ikasleek beraiek.

Dagoeneko izena eman duten ikastetxeak dira: Pedro de Atarrabia BHI, Iturrama BHI, Biurdana BHI, IES Julio Caro Baroja, IES Basoko, Zizur Nagusia BHI, Alaitz BHI, IES Marqués de Villena eta IES Iñaki Ochoa de Olza.