angle-left Frantziako eta Nafarroako Bigarren Aukerako Eskoletako ikasleen arteko topaketa Ilundainen, mugaz gaindiko proiektu bati esker

Ilundain Fundazioko eta E2O Pyrénées Atlantiques-eko ikasleek egoera ahulean dauden gazteentzako hezkuntza-esperientziak trukatu dituzte jardunaldian.

2021/11/02

Pyrénées Atlantiques Bigarren Aukerako Eskolako (E2O) irakasle eta ikasle batzuk Ilundain Haritz Berri Fundazioaren instalazioetan izan dira gaur. Fundazio horrek ere E2O-aren aintzatespena du Nafarroan. Bi erakundeek elkarrekin esperientziak trukatzeko eta egoera ahulean dauden gazteen enplegagarritasuna eta gizarteratzea hobetzeko hezkuntza-eredu berriak ezagutzeko abiarazitako mugaz gaindiko truke-proiektuaren barruan kokatzen da bisita hau.

Alde horretatik, gogora ekarri behar da bigarren aukerako eskolek jatorrizko eredu pedagogikoa ematen dietela 15 eta 29 urte bitarteko gazteei, lanik eta/edo prestakuntzarik gabe, ibilbide pertsonalizatuen bidezko prestakuntza berritzailean, oinarrizko eta laneko gaitasunetan errefortzuan, enpresa-munduarekin lotutako esperientzia praktikoetan eta gizarte-eskaeretan oinarrituta. Gaur egun, Ilundain Fundazioa da Nafarroako entitate bakarra, Bigarren Aukerako Eskola Elkartearen barruan. Elkarte horretan 27 gizarte entitate biltzen dira, eta urtean 7.800 gazte baino gehiago hartzen dituzte.

Mugaz gaindiko lankidetza proiektuak, Nafarroako Gobernuak Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez diruz lagunduak, urrian zehar bi erakundeen arteko bisitak egiteko aukera eman du. Bi eskoletako ikasleak Ilundainen egoitzan elkartuta, amaitutzat eman da proiektu hau. Bi erakundeen hezkuntza-ereduen arteko lotura nabarmentzen da, eta etorkizunean lankidetzan aritzeko oinarriak jarri dira.

 

 


Gaur, ikasleek elkarrekin egin ahal izan dituzte Ilundainen ematen diren prestakuntza espezialitateei lotutako tailerrak, baita zeharkako gaiekin zerikusia duten beste batzuk ere, hala nola ingurumen hezkuntza. Beste entitate batzuetako gazteekin esperientzia partekatu ahal izatea balio pedagogiko handiko jarduera da, eta errealitate berriak ezagutzen laguntzen du.
Gogoan izan behar da Ilundain Haritz Berri Fundazioak 35 urte baino gehiagoko ibilbidea duela egoera ahulean dauden gazteekin lanean. Entitatearen helburu nagusia da gazteei prestakuntza eta gaikuntza prozesuetan laguntzea, haiek gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko aukera berriak sortuz. Bestalde, Pirrénées Atlantiques Bigarren Aukerako Eskolak hiru egoitza ditu Paun, Baionan eta Mourenxen, eta, Ilundain Fundazioaren programetan bezala, kualifikazio akademikorik gabeko 16 eta 29 urte bitarteko gazteentzat da.