angle-left Erasmus+ diplomak jaso dituzte Lanbide Heziketako 140 ikaslek

Europako hainbat hiritan praktikak egin dituzte lanbide heziketako goi eta erdi mailako zikloetako ikasleek

2018/07/04

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak Erasmus+ diplomak banatu dizkie gaur ekimenean parte hartu duten 140 ikasleri. Hezkuntza departamentuan egindako ekitaldian ere Ruraleko erakunde arteko harremanetarako ordezkari Ricardo Goñi egon da; izan ere, goi mailako zikloetako ikasleei 550 euroko diru-laguntzak ematen dizkie erakundeak, departamentuarekin duen hitzarmenari esker.

2017/18 ikasturtean zehar Lanbide Heziketako 140 ikaslek praktikak Europako hainbat hiriburutako enpresetan egin dituzte, bi edo hiru hilabetez. Bulgaria, Finlandia, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Letonia, Malta, Portugal eta Erresuma Batuan egin dituzte praktikak. Hala, 93 ikaslek Lanerako Prestakuntza Zentroetan aritu dira eta beste 47 lanbide heziketa trebakuntza osatu ahal izan dute. 140 ikasleetatik 69 aritu dira erdi mailako zikloetan eta gainerakoak, 71, goi mailako zikloetan.

Ikasturte honetan parte hartu duten ikasleak hurrengo ikastetxeetan ari dira: Nekazaritza eta Basogintza ikastetxea, Burlatako LH ikastetxea, Hezitzaile eskola, Erizaintza eskola, Donibane, Energia Berriztagarrien Goi Mailako ikastetxea, María Ana Sanz, Donapea, Elizondo Lanbide Eskola, Lizarrako LH ikastetxea, Tuterako ETI, Irunberri ikastetxea, EGA, Uharte, Sakana eta Tafallako LHko ikastetxeak, Iruñeko Virgen del Camino eta Arte Eskola, eta Lekaroz eta Toki Ona ikastetxeak.

Erasmus+ programaren bitartez, Lanbide Heziketako ikasleek aukera izaten dute Europako herrialdeetan zehar praktikak egiteko, ezagutza teknikoekin batera hizkuntza gaitasunak ere hobetuz. Era berean, profesional gisa ere gaitasunak hobetzen dituzte eta, batez ere, laneratzeko aukerak gehitzen dituzten, bai Foru Erkidegoan, bai praktikaldi herrialdean.

Maria Solana hezkuntza kontseilariak programa honen garrantzia eta urtetik urtera ikasleek programan parte hartzeko egiten duten hautua azpimarratu ditu, “gaitasun profesionalaz gainera, ezagutza eta garapen pertsonalean sakontzeko aukera ematen baitie”. Solanak gogoratu duenez, “esku artean daukagun erronkatako bat, hain justu da, lanbide heziketaren alde egiten duten gazteen kopurua gehitzea, eskaintza erakargarria eginez eta ikustaraziz, eta Erasmus+ bezalako programek horretan laguntzen digute”.

Ildo horretan, eskertu egin du Rural Kutxaren elkarlana, oraintxe berritu baitu Departamentuak elkarlan-hitzarmena erakundearekin. Goi mailako zikloetako ikasleei diru-laguntza ematen die erakundeak, 550 euroko diru-laguntza, 72 beka bidez. Hitzarmenari esker, premia gehien duten ikasleek ere aukera daukate mugikortasun programaz baliatzeko.