angle-left Eskualdeko ikastetxeen jantoki-zerbitzua hobetzeko ikerketa egingo du INTIAk, Hezkuntza departamentuak hala eskatuta

Nafarroako eskualde-ikastetxeetako sukaldeen ekipamenduak eta funtzionalitatea aztertu nahi ditu Departamentuak eta elikadura eredu sostengarria lortu, 2020-21eko lizitazioa idazteko

2019/07/18

Nekazaritza elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuari (INTIA), Landa eremua, Ingurumena eta Tokiko Administrazioari atxikitako sozietate publikoari  eskatu dio Hezkuntza departamentuak azter ditzala eskualdeko ikastetxeen sukaldaritza-zerbitzuak, horiek baitira Hezkuntza departamentuak kudeatzen dituen jantokiak. Departamentuko Azpiegitura Zerbitzuak eskualde-jantoki horien funtzionalitate eta ekipamenduak azter ditzatela eskatu du eta, era berean, proposamenak egin diezaiela jasangarritasun irizpideetan oinarritutako elikadura eredua lortzeko. Hala, eredu aldaketa hori egiteko jantokien antolaketaren diseinuaren inguruko aholkularitza emango du INTIAk. Lan horretarako 45.507 euro diru-partida bideratu du Hezkuntzak.

Azken batean, ekimenaren helburua da eskualde-ikastetxe nafarren sukaldeak kontsumo ohitura eta kudeaketa jasangarrira gehitzea. Horretarako, beharrezkoa da planak eta estrategiak diseinatzea gertuko kontsumoa, kalitatezkoa eta ekologikoa sustatzeko.

INTIAren egitekoa izango da sukaldeen sistematizazioa eta euren ekoizpen gaitasuna aztertzea, ikastetxearen kokapena, dituzten ekipoak eta erabiltzaile-ratioak kontuan izanik. Egingo duten lanaren beste helburuetako bat da elikagaiak eta menuak aztertzea, baita prezioa xehatzea ere. Lan hori, Departamentuarekin koordinatuta egingo du INTIAk. Orain baino lehen ere antzeko proiektua gauzatu du INTIAk, Iruñeko udal Haur Eskoletan, behar bezalako emaitza lortuz eta horrek ere bere esperientzia bermatzen du.

Hezkuntza Azpiegitura Zerbitzu-zuzendari Eneko Ardaizek INTIAri egindako mandatuaz dioenez, “eskualde-jantoki eta sukaldeetan zerbitzua ematen duten azpiegiturak berrikustea beharrezkoa da eta horrekin batera, menuen azterketa egitea ‘0 kilometroko’ eta gertuko jakiak aintzat hartuz; zerbitzua gauzatzeko eredua ikertu behar da, jakiak bertatik bertara prestatzea lehenetsiz, beste nonbaiten prestatu eta ondoren garraiatu ordez”.

Eskualdeko jantokien kudeaketa

Hezkuntza departamentuak 43 jantoki kudeatzen ditu gaur egun, eskualdeko ikastetxeetako jantokiak, hain justu ere. Horretarako 43 kontratu ditu indarrean 5 enpresekin, 4 urterako, eta ikasturtez ikasturte luzatzen dira. 2018-19 ikasturteko zenbatekoa 1.594.651,60 eurokoa izan da. Hala, 2020-21 ikasturtean egingo den jantoki-zerbitzuaren lizitazioa berritzeko baldintzak eguneratu nahi ditu Hezkuntza departamentuak eta INTIAk egingo duen azterketak definituko dituen jasangarritasun faktoreak aintzat hartuko ditu lan horretarako.