angle-left Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Hezkuntza departamentuek bilera egin dute unibertsitate politikaz aritzeko

Iruñean egin dute lan-saioa unibertsitate eta ikerketa arloetan daramaten ekimenen berri izateko eta aurrera begirako elkarlan-bideak aztertzeko

2018/07/18

Ezkerretik eskumara, Raúl Azpilicueta, Nekane Oroz, Adolfo Morais, Miren Artaraz eta Amaia Esquisabel

Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako hezkuntza departamentuetako ordezkariek bilera egin dute Iruñean unibertsitate eta ikerketa arloko politiken inguruan ekimenak elkartrukatzeko eta aurrera begira elkarlanerako aukerarik egon daitekeen aztertzeko. Bileran izan dira Jaurlaritzatik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz eta Ikerketaren zuzendari Amaia Esquisabel. Nafarroako gobernutik, berriz, Unibertsitateen eta Hezkuntza baliabideen zuzendari orokor Nekane Oroz eta Unibertsitateen zerbitzu-zuzendari Raúl Azpilicueta izan dira.

Bi erkidegoek duten berezitasunetako bat da hainbat campus dituen unibertsitate publiko bakarra dutela (NUP eta EHU); Euskadik Nafarroak baino biztanle gehiago artatzen baditu ere, bi erkidegoek dituzte unibertsitate pribatuak (Deustu eta Mondragón unibertsitatea, batetik, eta Nafarroako Unibertsitatea, bestetik); eta biek ala biek dituzte UNEDari atxikitako zentroak.

Ildo horretan, Nekane Orozko Unibertsitateen eta Hezkuntza baliabideen zuzendari orokorrak eta Unibertsitateen zerbitzu-zuzendari Raúl Azpilicuetak oso positiboki baloratu dute lehen eskutik ezagutu izana Eusko Jaurlaritzaren 2015-2018 Unibertsitate Planak jasotzen dituen ekimenak eta ekintzak, eta adierazi dute, “ Euskadiko unibertsitate politika sistemagandik asko ikas daitekeela, etorkizunari begirako inbertsio- eta errendimendu-eredua arrakastatsua delako”. Besteak beste, ikerketa politikaz, unibertsitate eskaintzaz, errendimendu adierazleez eta unibertsitateen finantzazio eredu ezberdinez aritu dira; izan ere, Nafarroako Hezkuntza departamentuak ahalegin berezia egin du horietan guztietan, 2018-2020 bitarteko inbertsioa finkatuz.

Orain izandako bilera ez da daukaten lehenengoa; aurretik, apirilean, Gasteizen elkartu ziren bi gobernuetako ordezkariak, unibertsitate arloan izaten dituzten bileren harira, eta Unibertsitate Politikaren Konferentzia Orokorraren eta Ikerketa Ekintzaren Ebaluaketarako Batzorde Nazionalaren bitartez erkidegoek estatuarekin dituzten bileren testuinguruan.