angle-left Bukatu da aurrematrikula egiteko epe arrunta, 3 urteko 5.676 eskaerarekin; horietatik %63,1 sare publikoan ariko da.

Guztira, 3.644 ikasle berrik (%64,2) jasoko dute hezkuntza IIP programarekin, hizkuntza-eredu desberdinetan

2020/02/13

3 urteko 3.582 haur Nafarroako hezkuntza sareko ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako zikloan sartuko dira datorren ikasturtean. Kopuru hori Foru Komunitatean 2020/2021 ikasturterako aurrematrikulatutako ikasle guztien %63,1 da. Aurreko ikasturtean %60,9 izan zen.

Ikastetxe itunduek onartuak izateko 2.094 eskabide jaso dituzte 3 urteko geletarako. Hori aurrematrikulako ikasle guztien %36,9 da. Joan den ikasturtean %39,1 izan zen.

Guztira, 5.676 aurrematrikula egin dira aurreko otsailaren 3tik 7ra bitartean. Aurreko ikasturtean 5.839 eskabide izan ziren.

Hizkuntza ereduen arabera, gaztelaniazko G ereduan 2.869 aurrematrikula izan dira, hau da, guztizkoaren %50,6 (2019an %51,2). Horietatik, G-IIPn 2.425, 170 G-British-en, 32 G-AIPn (alemana) eta 21 G-FIPn (frantsesa).

Euskarazko irakaskuntzako D ereduan, 3 urteko ikasle berrien 1.682 eskabide daude, hau da, ikasle guztien %29,7 (%29,5 iaz). Eskaera horietatik 203 D-IIPn egin dira. B hizkuntza ereduan (euskaraz eta gaztelaniaz) 12 eskaera izan dira (guztizkoaren %0,3).

Bestalde, A hizkuntza ereduan (gaztelaniazko irakaskuntza eta euskara irakasgai gisa) 1.113 eskaera izan dira; horietatik 1.007 A-IIPn. Eredu horrek ikasle berriak onartzeko eskabide guztien %19,6 hartzen du (aurreko urtean %19).

Guztira, sare publiko eta itunduetako eta hizkuntza eredu guztietako 3.644 haurrek (guztien %64,2k) irakaskuntza IIP programan jasoko dute.

Bost ikastetxe itunduk -lau Iruñerrikoak eta bat Tuterakoa- ikaspostuen eskaintza baino onarpen eskabide gehiago jaso dituzte.

Iruña eta Tutera

Eskualdeka, Iruñerrian ikastetxe publikoek 1.710 eskabide jaso dituzte, guztizkoaren %52,4 (iaz %49,3 izan zen), eta itundutako hezkuntza-sareak 1.551 aurrematrikula egin ditu, %47,6 (iaz %50,7 izan zen).

Ereduei dagokienez, Iruñerrian 2.301 ikasle berri dira A/G ereduetan, eta 960 B/D ereduetan. Guztira, 3.261 aurrematrikula daude; aurreko ikasturtean 3.461.

Tuteran, onarpen-prozesu arruntaren emaitza 170 aurrematrikulakoa izan da sare publikoan (%49; aurreko ikasturtean, berriz,%54); itundutako zentroetan, berriz, 177koa (%51; iaz,%46).

Une honetatik aitzina, Hezkuntza Departamentuak behin betiko eskaintza doitzeko lan eginen du, prozesuan planteatutako inguruabarrak aztertuz, eskola mapa berria ezartzearen ondoriozkoak barne.

Jendaurreko zozketa

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituenak, 15. artikuluan xedatzen duenez, eskaria ikaspostuen eskaintza baino handiagoa den ikastetxeetan eskatzaileen artean berdinketa gertatuz gero, zozketa publikoa eginen da organo eskudunaren aurrean. Zozketa jendaurrekoa izanen da eta bihar (ostirala) eginen da, Iruñean, Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuan, 13:00etan, eta zuzenean jarraitzen ahalko departamentuaren webgunean www.educación.navarra.es.

Zozketaren prozeduran zerrenda bat eginen da Nafarroan inskribatutako eta matrikulatutako ikasle guztiekin, eta bakoitzari zenbaki bat emanen zaio. Gero, zenbaki bat aterako da, ikasle batena izanen dena. Zenbaki hori nori dagokion, pertsona horretatik hasita zehaztuko da plazak esleitzeko lehentasuna.