angle-left Gimenok Pilar Alegría buru duen lehen bilera sektorialean nabarmendu duenez, krisitik ateratzeko, "hezkuntza sistema publikoa indartu behar da"

Nafarroako kontseilariak azpimarratu du Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko Lege Organikoaren aurreproiektuak antolamendu malguagoa ezartzen duela, herritarren eskaerei erantzuten diena

2021/07/21

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak Pilar Alegría  Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministro berriak Espainiako autonomia erkidegoetako ordezkariekin egindako lehen konferentzia sektorialean gaur esan duenez, pandemiak eragindako hezkuntza krisitik ateratzeko "batez ere eta beste neurri batzuen artean, sektore publikoa indartu behar da".

Ministerioko ordezkarien eta autonomia erkidegoetako gainerako hezkuntzako kontseilarien aurrean egindako hitzaldian, Gimenok esan du, gainera, desberdintasuna areagotuko ez duen erantzuna sortu behar dela.

Gimenok ministro berria zoriondu du bere izendapenagatik, eta hezkuntza sistema ekintzailea aldarrikatu du, honako hau esanda: "...kontuan hartuta Nafarroak arlo publikotik garapen eta aurrerabiderako hezkuntza ereduak asmatzeko duen bokazioa ez dela berria eta Nafarroako hezkuntza sisteman modu koordinatuan hedatzen diren egiturazko hezkuntza erreformak egitearekin lotuta dagoela, epe ertainean egiturazko inpaktu iraunkorra bermatzeko asmoz".

Asteazken honetan egindako konferentzia sektorialean, lurralde lankidetzako programei dagozkien kredituen banaketa aztertu da, Ministroen Kontseiluak uztailaren hamahiruan akordioa onartu ondoren. Akordio horren bidez, lurralde banaketarako proposamena eta autonomia erkidegoek kudeatu beharreko kredituak banatzeko irizpideak baimendu ziren; kreditu horiek erabiliko dira 19. osagaiaren esparruko Hezkuntza Sistema Digitalizatzeko programarako eta hezkuntza konpetentzia digitalerako, hezkuntza zailtasun bereziko zentroetan hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako programarako (PROA+ programa), eta, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren (SEM) 21. osagaiaren esparruan (“Hezkuntza sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa”), eskola eremu edo sektoreetan eta landa ikastetxe multzokatuetan dauden hezkuntza edo psikopedagogia zerbitzuek hezkuntzaren aldetik zaurgarriak diren ikasleei eta horien senideei laguntzeko eta aholkuak emateko unitateen programara.

Ildo horretan, Gimenok bere hitzaldian azpimarratu du Nafarroak funtsezko erronkei aurre egiten diela, bere hezkuntza sistema eraldatzeko. Horretarako, jada txertatutako digitalizazioa garatzen du, eta hezkuntza eta prestakuntza ingurunean gaitasun digitalak eskuratzen direla bermatzen du, bai baliabide digital egokiak eskuratzeari dagokionez, bai hezkuntza maila guztietako irakaskuntza metodoei eta curriculum garapenari dagokienez.

Nafarroako Hezkuntzako kontseilariak konferentzia sektorial horretan azpimarratu duenez, Nafarroak "ikasleen beharretara egokituko den hezkuntza eredu pertsonalizatu, inklusibo eta malguan aurrera egiteko asmo sendoa du, hezkuntza goiz uztearen prebentzioan eta hezkuntza emaitzen hobekuntzan aurrera egiten jarraitu ahal izateko". "Hori guztia", amaitu du Carlos Gimenok, "kalitatezko eskola publiko batean oinarritua, bikaintasunera bideratutako ekitatearen funtsezko balioa helburu duena, hezkidetzarako, inklusiorako eta aukera berdintasunerako oinarri segurua den aldetik".

Enplegurako kualifikazioak eta LH

Halaber, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak Enplegurako Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistemaren hitzaldi sektorialean hartu zuen parte joan den asteartean, Madrilen. Bertan, ministerioak Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko Lege Organikoaren aurreproiektuaren berri eman zuen.

Bere hitzaldian, Gimenok nabarmendu zuen aurreproiektuak antolamendu malguago bat ezartzen duela, herritarrek Lanbide Heziketaren inguruan dituzten eskaerei erantzuten diena.

Nafarroako Hezkuntzako kontseilariak gaineratu zuenez, aurreproiektuaren "oinarriak dira parte-hartzea, erantzunkidetasun publiko eta pribatua, prestakuntza zentroen eta enpresen arteko lotura estua, eskaintzaren eta lan errealitatearen arteko lotura, berrikuntza, ikerketa aplikatua eta ekintzailetza, eragile sozial guztien arteko adostasunaren balioa azpimarratuta".

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren ustez, ministerioaren aurreproiektua nabarmentzen da, lehenik eta behin, integratzailea delako; izan ere, enplegurako lanbide heziketaren esparruko prestakuntza azpisistemen eta hasierako prestakuntzaren arteko komunikazioa errazten du, eta gaitasunak egiaztatzeko prozeduren eta LHko tituluak lortzearen arteko lotura bultzatzen du.

Gainera, berritzailea eta inklusiboa da, aukera ematen baitu pertsona guzti-guztiek beren prestakuntza ibilbidea diseinatu eta taxutzeko, lanbide iguripenen edo premien arabera, eta bizitza osoko prestakuntza bultzatzen du, oinarrizko gaitasunen batuketa bat eginez, gizarte premietara eta hainbat eszenatokitara –ez bakarrik akademikoetara– egokituta, enpresen eskaerak ahaztu gabe.