angle-left Gobernuak eta Iruñeko Udalak protokoloa sinatu dute haur eskolak araudira egokitzeko 2020 baino lehen

Hezkuntzako kontseilari María Solanak azpimarratu du hitzarmenak “egoera konpontzen duela, hainbat haur eskola ordenamendutik kanpo baitzeuden”

2018/03/01

Joseba Asiron eta Maria Solana sinadura ekitaldian

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak protokolo bat sinatu dute Iruñeko Haur eskolak foru-arauetan ezarritako betekizun fisikoak bete ditzaten 2020 urterako. Iruñeko Udalak 2016an abiatu zuen udal-sareko ikastetxe guztiak 2007ko Foru Dekretu batera egokitzeko programa. Bi urtetan 753.886 euroko inbertsioa egin du. Sinadura-ekitaldian Hezkuntzako kontseilari María Solana eta Iruñeko alkate Joseba Asiron egon dira.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek bete behar zituzten betekizun fisikoak arautu zituen, eta hiru urteko epea eman zuen horietara egokitzeko. 2015ean, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren udal-sareko ikastetxe gehienek egiturazko betekizun fisikoak bete gabe jarraitzen zuten.

Hezkuntzako kontseilari María Solanak adierazi du, “berri oso ona dela, hainbat haur eskola ordenamendutik kanpo baitzeuden eta aurreko urtetan ez baitzen egoera konpondu; 2012tik luzatzen ari zen egoera”.

Solanak gogoratu du, Sesmako udalarekin sinatutako protokoloak bezala, hitzarmen honek “haur eskolek merezi duten jarraitasuna bermatuko duela, eta euren egoera eta finantziazioa zehazteko aukera ematen duela”.

Solana kontseilariak Udalaren zeregina eta haur eskolekin duen konpromisoa azpimarratu ditu: “aurreko administrazioek, ez udalek ez gobernuek, egin ez zutena konpontzera dator hitzarmena”.

Iruñeko haur eskolen egoera

2015ean, Udaleko 12 haur eskoletatik lauk betetzen zuten araudia: José María Huarte, Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña eta Printzearen Harresi. Une honetan, 8 ikastetxetan gauzatu dira jada egokitzapen-lanak, behin Izartegi, Mendillori, Goiz Eder eta Haurtzaron (obrak martxoan amaituko dira) lanak egin eta gero. 2018ko amaieran kopuru hori 9raino igoko da, Egunsentin egingo diren lanen ondorioz. Hortaz, Mendebaldeko proiektua –2019rako aurreikusia– eta Donibanekoa –2020an amaitu beharrekoa– geratuko dira egiteke bakarrik. Egokitzapen-plana amaitzean Rotxapea HE familiendako gune bihurtuko da, eta haren lekua hamabigarren haur-eskola gisa Lezkairun egitekoa denak beteko du. Aurten hasiko da haren proiektua egiten.

2012az geroztik Nafarroako Gobernuak hainbat foru-dekretu argitaratu izan ditu 2007ko araudira egokitzeko epea luzatuz. Une honetan, Udalen esku dauden 0-3 urteko 93 ikastetxeetatik 4 besterik ez dira geratzen egokitu gabe: Sesmakoa, eta Iruñeko bostak.

2,3 milioi euroko inbertsio-plana haur-eskoletarako

2016an abiatu zen planak 2,3 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dakar bakarrik berritze-lanetan, 2020-2021eko ikasturtean Iruñeko haur-eskolak egokituta egon daitezen. Kopuru horrek halako 20 baino gehiago joko du Iruñeko Udalak Haur Eskolen sarean 2011-2015eko aldian egindako inbertsioa, orduan 105.433 euro inbertitu baitziren hobekuntza-lanetan, eta horrek ez zuen berekin ekarri zentroak egokitzea foru-legedian ezarritakora.

Lan horiez gain, Udalak bi urte hauetan mantentze-lan ugari ere egin ditu. 2015ean berritze-lanak egin ziren Izartegi, Rotxapea, Mendebaldea, Mendillorri, Printzearen Harresi, Azpilagaña eta Goiz Eder haur-eskoletan. Iaz Izartegi, Mendebaldea, Mendillorri, Printzearen Harresi, Rotxapea, Azpilagaña, Goiz Eder eta Haurtzaron egin ziren egokitze-lanak.

Zabalik mantentzeko eta finantzaketa jasotzeko beharrezko egokitzapena

Bestalde, abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduak Hezkuntzako Departamentuaren eta toki-erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzeko oinarriak ezartzen ditu Udalarenak diren Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko. Finantzaketa hori lortzeko eskolek aldez aurretik haur-eskola gisa sortuak izan behar dute. Ikastetxeak ofizialki sortzeko izapideak egin ez izanak berekin bi ziurgabetasun dakarzkio Iruñeko Udalari. Lehenengoa, agian ikastetxeak haur-eskola gisa zabalik ezin mantentzea; eta bigarrena, Nafarroako Gobernuaren finantzaketarik ez jasotzea.

Gaur sinatutako protokoloak Iruñeko Udalaren konpromiso politikoa jasotzen du, Nafarroako Gobernuak Haur Eskolak finantzatzeko eskatzen dituen egiturazko baldintzak betetzeko. Hezkuntza Departamentuaren Azpiegituretako Zerbitzuak egingo du obren gaineko jarraipena, eta Iruñeko Udalak bi txosten igorriko ditu urtean betetze-mailaren berri emateko.