Hasi dira Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioak - Hasi dira Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioak - Dpto
Normaltasun osoz hasi dira frogak gaur goizean eta datozen egunetan jarraituko dute
2019/06/22
Maisu-maistren oposizioetara aurkeztu diren hautagaiak azterketa hasteko zain
Gaur egiten da Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko oposizioen lehenengo azterketaren parte teorikoa, Iruñeko Mendillorri institutuan. Hautagaien gehiengoak gaur egingo du frogaren lehenengo partea; gainerakoak, bihar, astelehenean eta asteartean.
Hezkuntza Departamentuak 15 espezialitate bi hizkuntzatan, euskaraz eta gazteleraz, deitu ditu Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko oposizioan eta gaur goizean hasi dira lehenengo azterketak. Lehenengo saio honetan ia 6.000 lagun daude deituta lau espezialitatetan: Haur eta Lehen Hezkuntza, gazteleraz nahiz euskaraz; gainerako espezialitate eta hizkuntzak bihar, etzi eta etzidamu izango dira. Lehenengo ariketa honen bigarren froga, praktikoa, asteazkenetik ostiralera bitartean egin beharko dute hautagaiek, Iruñeko Mendillorri institutuan. Parte praktikora deituta daude teorikora aurkeztu diren guztiak. Hortik aurrera, eta epai-mahai bakoitzak dituen hautagai kopuruaren arabera, argitaratuko dira notak bai oposozioaren aplikazioan bai gobernuaren web orrian.
Maisu-Maistren goizeko deialdia normaltasunez joan da, hasierako deialdian egon den minutu gutxi batzuen atzerapena gorabehera. Lehenengo orduan ia 2.000 lagun zeuden deituta azterketa egitera eta Mendillorriko institutuaren patiotik sartu dira, aurreikusi bezala. Epai-mahai kideek, bestalde, ez dute aparteko gorabeheraren berri eman goizean zehar. Goizeko saioa 8:00etan hasi da Haur Hezkuntzako gaztelerazko frogara aurkeztu diren hautagaiekin eta azkeneko txanda Lehen Hezkuntzako gaztelaniazkora aurkeztu direnekin amaituko da; froga hori 18:30ean hasten da.
3 egun gehiago
Bihar deituta daude Heziketa Fisikoa (euskaraz) eta Entzumena eta Hizkuntza (gazteleraz) goizeko 8:00etan; Ingelesa (euskaraz) 11:30ean; Entzumena eta Hizkuntza (euskaraz) 15:00etan eta Musika (euskaraz) 18:30ean. Astelehenean Pedagogia Terapeutikoa (euskaraz) hasiko da 8:00etan eta Musika (gazteleraz) 11:30ean; arratsaldean, 15:00etan, Euskara espezialitatearen txanda izango da eta ondoren, 18:30ean, Musika (euskaraz). Lehenengo zati hau asteartean osatuko da Pedagogia Terapeutikoa (gazteleraz, 8:00etan) eta Heziketa Fisikoa (gazteleraz, 11:30ean) espezialitateekin.
Deitutako espezialitateak hainbat egunetan banatu behar izan dira, 2017ko abenduan PSNk eta IEk aurkeztu eta Parlamentuak onartu zuen legearekin betetzeko, zeinak agintzen duen hautagaiek lan egingo duten hizkuntzan egin behar dutela oposizioa eta horrek, ezinbestean, derrigortzen du administrazioa bermatzera izena emandako espezialitate eta hizkuntza guztietan azterketa egiteko eskubidea. Hori dela eta, oposizioen lehenengo ariketaren B partea 4 egunetan zehar banatu da, hautagai guzti-guztien eskubidea bermatu ahal izateko. Izan ere, 2.000 lagunetik gora espezialitate eta hizkuntza baten baino gehiagotan eman zuen izena.
Teorikoa den proba kanporatzailea egin ondoren, hautagaiek ariketa praktikoa egin beharko dute, astearte arratsaldetik ostiralera bitartean, espezialitate eta hizkuntzaren arabera. Lehenengoa ekainaren 25ean, 15:00etan hasiko da, Lehen Hezkuntza (gazteleraz) espezialitatearekin; azkenekoa, Heziketa Fisikoa (gazteleraz) izango da, ekainaren 28an, 18:30ean. Ordutegi guztiak, espezialitate eta hizkuntzaren arabera, iazko oposizioan lehenengoz martxan jarri zen web aplikazioan kontsultatu daitezke eta baita Nafarroako Gobernuaren tramite weborrian ere.
Hezkuntza Departamentuak 643 plaza atera ditu Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko oposizioan eta 6.000 hautagaitik gora onartu dira ateratako espezialitate eta hizkuntzetan.