angle-left Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe berria eraikiko du Arbizun Hezkuntza departamentuak

Proiektua idazteko asistentzia teknikoa eta obren zuzendaritza 169.485 euroko inbertsioa egingo du

2017/09/06

Nafarroako Gobernuak gaurko bileran akordio bat onartu du; hain zuzen ere, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusiari baimena ematea laguntza-kontratua egiteko, Arbizun Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa eraikitzeko proiektua idazteko eta obren zuzendaritzarako.

Era horretan, udalerrian Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolaratzea osatuko da, egungo ikastetxean ez baitago lekurik Haur eta Lehen Hezkuntzako maila guztiak eskolaratzeko, eta Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera Etxarri Aranatzera joan beharrean aurkitzen baitira. Ikastetxean matrikulak goranzko joera izan du azken urteetan, herritarrek hezkuntza-proiektua onartzearen ondorioz. Ikastetxe berria 2018-19 ikasturterako inauguratzea aurreikusten da.

Horretarako, gehienez 169.485,51 euroko gastua baimendu da, BEZ barne, eta era honetan finantzatuko da: 110.468,28 euro (%21eko BEZa barne), proiektua idaztearen gaineko ordainsariei dagokiena, 2017ko aurrekontuaren kontura, eta 59.017,23 euro, obra-zuzendaritzaren ordainsariena, 2018ko aurrekontuaren kontura.

Ikastetxe berriaren azken inbertsioa 3,2 milioi eurokoa izango da. Ikastetxeak bederatzi gela izango ditu: sei Lehen Hezkuntzan eta hiru Haur Hezkuntzan, beste espazio guztiez gain. Egungo ikastetxeak 47 ikasle ditu, 3 urteko 11 ikasle, 4 urteko 8 ikasle, 5 urteko 9 ikasle, Lehen Hezkuntzako lehen mailako 13 ikasle eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailako 6 ikasle.

Hezkuntza Departamentuak hezkuntza-azpiegituren gaineko inbertsioetan 5,8 milioi euroko aurrekontua zuen 2012an eta 17 milioikoa izatera iritsi da 2017ko ekitaldian. Ikastetxeen mantentze-lanen gaineko inbertsioa, berriz, 2012an 614.735 eurokoa zen eta 2017an 1.510.000 eurokoa izatera iritsi da.