angle-left Hezkidetzaren inguruko esperientziak partekatu dituzte Nafarroak eta Holandako VHTO erakundeak

Hezkuntza kontseilariak Skolae programa aurkezteko dio VHTO erakundeko zuzendariari, Nafarroako gobernuko Hezkuntza departamentuaren hezkidetza estrategiaren programa nagusi gisa, STEM-ikasketekin lotutako gainerako ekintzekin batera

2018/10/12

Solana kontseilariak SKOLAE programa aurkeztu dio VHTO erakundeko Cocky Booij zuzendariarekin.

Maria Solana hezkuntza kontseilaria, Hezkuntza zuzendari orokor Roberto Perez eta Ebaluazio, Kalitatea, Formakuntza eta Berdintasuna zerbitzu-zuzendari Aitor Lakasta, VHTO (National Expert Organization On Girls/Women And Science/Technology) erakundeko zuzendari Cocky Booijekin elkartu dira. Erakunde holandarrak Amsterdamen du egoitza eta hamarkadak daramatza hezkidetza eta genero arteko berdintasuna lantzen. Egunotan Holandako hiriburuan egiten ari den IKT eta hezkuntzaren inguruko jardunaldietan da Nafarroako delegazioa eta bidaia baliatu dute VHTOrekin bilera egiteko.

VHTO erakundearen egiteko nagusia emakume eta neskatoen artean STEM ikasketak sustatzea da, Zientziak, Teknologiak, Ingeniaritzak eta Matematikak. Hain justu, ikasketa arlo horien ezagutzan- eta lan-esparruan emakume gutxi aritzen dira eta bai Nafarroako gobernua, bai Holandako agintariak ekintza zehatzak eta plan estrategikoak sustatzen ari dira desberdintasun hori konpentsatzeko.

Erakundearen eta Hezkuntza departamentuko ordezkarien artean izandako bileran hezkidetza esperientziak elkartrukatzeko aukera izan dute biek ala biek, puntu asko baitituzte komunean; hala nola, "desberdintasun horiek konpentsatzeko hezkuntza arlotik egiten den lana, irakasleen trebakuntza sustatuz, ikasleei zuzendutako ekintza zuzenak garatuz nahiz aipatutako esparru horietan enpresen parte hartzea sustatzeko lan eginez", adierazi du Solana kontseilariak. Hala, hezkuntza departamentu-buruak Skolae programa aurkeztu dio VHTOko zuzendariari, "Nafarroako gobernuko Hezkuntza departamentuaren hezkidetza estrategiaren programa nagusi gisa", STEM-ikasketekin lotutako gainerako ekintzekin batera: Lanbide Heziketa Plan Estrategikoa eta gobernuaren Planeta-STEM ekintza.

Bileran, gainera, etorkizunean ekintza bateratuak egiteko aukeraz aritu dira, genero arteko desberdintasunak murrizteko egiten diren ekintzak hobetze aldera, VHTOko zuzendariak aipatu bezala, "gizarteari berari talentu galera izugarria eragiten baitio". VHTO erakundeak lau hamarkada daramatza arlo horretan hezkuntza esperientziak praktikan jartzen Holandan eta munduan aitortza handia lortzeaz gainera, erakunde ofizialak, herrialdeko erakunde eta enpresak eta nazioarteko konpainiak inplikatzea lortu du. Halaber, Nafarroak arlo horretan ibilbide laburragoa badu ere, dagoeneko martxan den SKOLAE programa dauka, estatuan aitzindaria den programa handinahia. Cocky Booij VHTOko zuzendariak oso ondo baloratu du programa, Europar Batasunean diren ekimenen artean argiena, zehatzena eta ulergarrienetako dela esanez. Hezkuntza kontseilariak, bestalde, esperientzia holandarretik ikasteko aukera apartatzat jo du bilera eta eskertu egin du Nafarroako gobernuarekin elkarlanean aritzeko VHTOren prestutasuna.