angle-left Hezkuntza Departamentuak Aniztasunaren trataerarako Ekintza Plana aurkeztu du Eskubide Sozialetako eta Osasun Departamentuekin batera

Hurrengo hiru ikasturteetan ezarriko den zeharkako plan bat da eta herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte Gobernu Irekiaren atarian

2017/09/30

Laparra, Solana eta Domblas aurkezpenean

Aniztasunari erantzuteko plan estrategikoaren aurkezpena Hezkuntza departamentuko areto nagusia jendez beteta egin da. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak, Miguel Laparra lehendakariorde eta Eskubide Sozialen kontseilaria izan du lagun aurkezpenean. Izan ere, Hezkuntza departamentuarekin batera Eskubide Sozialen eta Osasuneko departamentuek ere parte hartu dute planaren garapenean. Oraindik borradore fasean dago dokumentua, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango baitute gobernuko gardentasun webgunean eskegiko baita plana.

"Hezkuntzak aldaketa bat behar du, berrikuntza metodologikoaren, ahalduntzearen eta erkidegoa pixkanaka sartuz XXI. mendeko gizartearen eta eskolaren erronkei erantzuten diena".

Horrela hasi du bere hitzaldia Maria Solanak, Hezkuntzako kontseilariak, gaur goizean Hezkuntza Departamentuan Aniztasunaren Trataerarako Ekintza Plana aurkezteko egindako ekitaldian. Laparra lehendakariordea ere bertan izan da.

Solanak hitz batzuk ere irakurri ditu Fernando Dominguez Osasun Departamentuko kontseilariaren izenean, izan ere, Parlamentuan egotea eskatu diotenez ezin izan da aurkezpenera joan. Dominguezek Planarekin duen konpromisoa agertu du: "osasunean dauden desberdintasunak murrizteko eragile garrantzitsu gisa". Zentzu horretan, Osasun Departamentuko kontseilariak nabarmendu du Eskubide Sozialetako eta Hezkuntza Departamentuekin batera Arreta Soziosanitarioko Programa garatzen hasten ari direla eskoletan, beste neurri askoren artean".

"Ikasle guztientzat kalitatezkoa eta berdintasunezkoa den hezkuntza baten premisak ezartzen dituen hezkuntza-sistema bat eraikitzeko, eta testuinguru berean baliozkoa den eta dibertsifikatuta dagoen hezkuntza-erantzun bat emateko, ezinbestekoa da eskolak gaur egun aurre egin behar dien erronka garrantzitsuak kontuan hartzea", adierazi du geroago Solana kontseilariak. "Hezkuntza-erantzun horrek ikaskuntzara sartzeko zer eragozpen dauden aztertu behar ditu, fisikoak, zentzumenezkoak edo psikikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak edo hizkuntzazkoak diren kontuan hartu gabe. Izan ere, eragozpen horiek, ikasle batzuek bere eskolatzean zehar aurrerapen egokia izatea zailtzen dute", gaineratu du.

Hori dela-eta, "Hezkuntza Departamentuak, desgaitasunengatik edo jokabidearen nahasmendu larriak izateagatik, adimen-gaitasun handiengatik, hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik, eskolako baldintzengatik edo baldintza pertsonalengatik, ikasteko berariazko zailtasunengatik (horien artean arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, dislexia, diskalkulia) eta gaixotasun arrarorengatik hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek oro har, ikasle guztientzat ezarritako eskumenak eta helburuak betetzeko eta beraien gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatzeko beharrezkoa dena egingo du", esan du kontseilariak, "gure ustez, gaur egungo eskolak, Aniztasunaren Trataerarako Plan honetan jasotzen, definitzen eta aztertzen diren erronkei erantzutea eskatzen duelako".

Erronkak

Solana kontseilariak hezkuntzak aurre egin behar dien erronkak aztertu ditu ondoren, hala nola etorkizuneko eskola, eskola teknologikoa, eskola inklusiboa, berdintasunezko eskola, eskola auto-ebaluatzailea, eskola berritzailea eta profesionalizatua, eskola eraldatzailea edo eskola egituratua. "Beraz, esan du Maria Solanak, eskola berritzaile, inklusibo eta berdintasunezko baten alde lan egiten dugu, bere inguruko beharrak ezagutzen dituen eskola aktibo eta dinamikoa, irekitzen dena eta komunitatearekin parte hartzen duena, edozein eragilek parte hartzea errazten duena".

"Plan hau sortu da hain zuzen baliabideak hobetu behar direla onartzeak, ikasleen eskolatze desberdinak, edo eskola-testuinguru arruntetan hezkuntza bereziko ikasle gehiago egoteak, erronka handia ekartzen duelako sistemarako", esan du kontseilariak, eta hauxe egiaztatu du: "hortik sortzen da antolaketaren eta metodologiaren arloko proposamenak aztertu eta egiteko beharra ere bai, ikasle guztiei hezkuntza arloko erantzun bat emateko balio dutenak".

Bestalde, Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Miguel Laparrak hauxe adierazi du: "hezkuntza-eremua inbertsio-maila estrategikoa da herritarren ongizatea, gizarte-desberdintasunen murrizketa eta pertsonen gizarte-sustapena bultzatzeko". Beraz, Aniztasunaren Trataerarako Planak "lehentasunik handiena ere du Eskubide Sozialetako Departamenturako".

Ordenazio, Orientazio eta Aukera Berdintasuneko Zerbitzuko zuzendariak, Ander Domblásek, Nafarroan aniztasunaren egoerari buruzko egindako diagnostikoa azaldu du, eta 6 ildo estrategiko aipa daitezke: ekitatea eta gizarte-kohesioa, autoebaluazioa zentroan eta hobetzeko proposamenak, alderdi metodologikoak, antolaketaren alderdiak, CREENA eta arautegiko alderdiak. Ildo horiek 142 ekintzetan gauzatzen dira, eta ekintza horiek, hurrengo 3 ikasturteetan garatzea aurreikusten da.

Aniztasunaren Trataerarako Plana datorren astelehenetik aurrera kontsultatu ahalko da Gobernu Irekiaren web-orrian, herritarrek beraien ekarpenak egin ditzaten.