angle-left Hezkuntza departamentuak “Eleaniztasuna: bertatik mundura. Multlingüismo: Nuestras lenguas, otras lenguas” jardunaldia aurkeztu du

Hizkuntzalaritzan aditu eta katedradunek, larunbat honetan Iruñeko Planetarioan, ikastetxeetan hizkuntzen elkarbizitza aztertuko dute

2018/04/18

Maria Solana kontseilaria eta Roberto Perez Hezkuntza zuzendari orokorra

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Roberto Perez Hezkuntza zuzendari orokorrak “Eleaniztasuna: bertatik mundura. Multilingüismo: Nuestras lenguas, otras lenguas” jardunaldia aurkeztu dute. Larunbat honetan izango dira Iruñeko Planetarioan. Nafarroako ikastetxeetako irakasleei eta, oro har, hizkuntzen irakaskuntzan interesa duen orori zuzendutako jardunaldi honetan hizkuntzalaritzan aditu eta katedradunek aztertuko dute ikastetxeetan hizkuntza ezberdinak nola uztartu.

Hezkuntza departamentuak Nafarroako errealitate eleanitza aztertzeko bidean antolatu du jardunaldi hau. “Gero eta hizkuntza gehiago entzuten ditugu gure inguruan, eta gero eta balio handiagoa dauka hizkuntzak ezagutzeak”, azaldu du Solana kontseilariak. “Eleaniztasun hori irakaskuntzan kudeatu beharra dago, errealitate horretatik abiatuta. Kudeatu eta pentsatu behar dugu nola antolatu behar den irakaskuntza hori, bertako bi hizkuntzak ez ezik, hirugarren bat ere, atzerritarra, txertatuko duena”, azaldu du.

Errealitate eleaniztuna Nafarroako ikastetxeetan nola uztartu izango da, hain zuzen ere, larunbatean Iruñeko Planetarioan egingo den jardunaldiaren helburua. Bertan hainbat unibertsitateetako katedradun eta adituek hizkuntzen elkarbizitzan izan diren azken ikerketen berri emango dute.

Roberto Pérez, Hezkuntzako zuzendari nagusiak azaldu duenez, “nahi duguna da jardunaldi hauek abiapuntu izatea irakaskuntza eleanitzak Nafarroan izan behar dituen oinarrien inguruan gogoeta egiteko eta erkidego eleanitza lortzeko”. “Dauzkagun hi hizkuntzak aintzat hartu behar ditugu, euskara eta gaztelania, eta gogoeta egin behar dugu errealitate hori gaur egungo gizarte dinamiko horren beharretara egokitzeko”, gehitu du.

Egitaraua

Genevako Unibertsitatean Hizkuntzen didaktikan katedradun Joaquím Dolzek emango dio hasiera jardunaldiari "Hiru hizkuntza ikastetxean; arazoa edo aukera" hitzaldiarekin, 09:00etan. Ondoren, Jasone Cenoz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradunak "Eleaniztasuna eta translanguaging ikasgelan" gaia izango du ardatz. Itziar Idiazabal EHUko katedradunak, berriz, "Irakaskuntza eleaniztunerako ingeniaritza didaktikoa" hizketaldia eskainiko du. Gainera, jardunaldian Hezkuntza departamentuak Nafarroako ikasleen hizkuntza ohituren gainean egindako ikerketa aurkeztuko du. Ebaluazio Zerbitzuko Andrea Garcia eta Aitor Lakastak izango dute horren ardura. Egitaraua Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntza aniztasunean adituak itxiko du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak "Hizkuntza guztiak berdinak dira, hizkuntza guztiak ezberdinak dira" berbaldia osatuko du.

Oraingoz 140tik gora lagunek eman du izena. Informazio gehiago webgunean