angle-left Hezkuntza departamentuak landa eremuko ikastetxeekin duen konpromisoa azaldu du gaur Nafarroako Pirinioetan

Haur eta Lehen hezkuntzako 17 ikasle dituen Auritz-Burgueteko eskola bisitatu du gaur Hezkuntza kontseilariak

2018/04/13

Auritz-Burgete, Auritz Berri eta Erroko udal ordezkariak, Auritz-Burgueteko eskola zuzendaria eta Guraso elkarte-kideak, Hezkuntza kontseilariarekin

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria Auritz-Burgueteko eskolan izan da gaur, hango zuzendari eta Guraso Elkarteko ordezkarien eskutik, landa inguruko eskola hauen kalitatearen alde eta Pirinioetako bizitza mantentzeko egiten duten egunoroko lana ezagutzen. Bisitaren bitartez, gainera, udal arduradunei zein Aurizberri eta Erroko ordezkariei Pirinioetako Mahaian jasotako eskaerei egindako proposamenak helarazi dizkie.

Hezkuntza departamentuaren proposamen nagusienetako bat izango da Auritz-Burguete, Aurizberri eta Erroko landa eremuko ikastetxeetako postuei betetzeko zailak diren plaza izaera aitortzea, “bertako irakasleei egonkortasuna eman eta eskolen iraupena bermatzeko, desagertu ez daitezen, Auritz-Burgeteko udalaren bidez jasotako eskaerari erantzunez”, azaldu du kontseilaria.

Solanak landa eremuko eskolen alde lanean jarraitzeko bere konpromisoa adierazi die. Hartara, etapa arteko gela mistoen ratioak egokitzea aztertzen ari da Departamentua. Bi etapatako 3 maila biltzen dituzten unitateek gehienez 12 ikasle izatea; 2 etapatako 4 maila biltzen dituztenek, gehienez, 10 ikasle izatea; 2 etapatako 5 maila taldekatzen dituztenek, gehienez, 10 ikasle izatea eta lanaldi erdiko irakasle laguntzailea.

Hezkuntza kontseilariak, era berean, ikastetxeko zuzendari Amaia Nuñori azaldu dio, Departamentutik lanean ari direla ahalik eta modurik egokienean erantzuteko eskola horiek dituzten hezkuntza beharrei, eta irakasleen lan baldintzei, errazagoa izan dadin lan taldeak osatzea, batez ere, beharrak asetzea zailago suertatzen den lekuetan.

Bestalde, Auritz-Burgueteko hezkuntza zinegotzi Aneva Cilvetik eskertu egin du izaera aldatzeko eskariari erantzuteko prestutasunagatik. “Gure Pirinioen egoera estuagatik, era horretako keinuak aintzat hartzekoak dira, aurrerapausoa direlako Pirinioetako Mahaitik diskriminazio positiboaren alde egiten diren eskarietan”.

Guraso Elkarteko kideek, halaber, kontziliazioan laguntzeko eta gurasoak herrietan gera daitezen animatzeko neurri zehatzak aztertzeko eskatu diote kontseilariari (hala nola, jantoki zerbitzua), landa eremuko eskola euren seme-alabentzat aukerarik onena dela aintzat har dezaten.