angle-left Hezkuntzak 15 ziklo berri eskainiko ditu Lanbide Heziketan

2018-19 ikasturteko izen-ematea maiatzaren 7tik 11 izango da

2018/04/06

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak, Lanbide Heziketa zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubiorekin batera, 2018-19 ikasturterako lanbide heziketa eskaintza berria aurkeztu du, “anitza, berritzailea eta beharrizanetara egokitzen den eskaintza”. Datorren ikasturtean 15 ziklo berri gehituko dira; guztira, 114 ziklo, goi eta erdi mailetan nahiz Oinarrizko LH. Euskaraz lau ziklo gehituko dira, Iruñean, Altsasu eta Irunberrin.

Hurrengo ikasturteari begira, Hezkuntza departamentuak egin duen Lanbide Heziketako eskaintza indarrean dagoena gehitzera eta osatzera dator, erdi eta goi mailako zikloetan, Oinarrizko lanbide heziketan eta online modalitatean. Prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Lanbide Heziketako zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubiok. 15 ziklo berri gehituko dira goi eta erdi mailan, bost Dualean eta bina onlinen eta Oinarriko Lanbide Heziketan.

Gaur aurkeztutako eskaintzarekin diru publikoz sostengatutako ikastetxeek egiten duten plaza kopurua ere modu esanguratsuan haziko da. Indarrean den ikasturtearekin alderatuta, %7,6ko hazkundea izango da erdi eta goi mailako zikloetan (%6 erdi mailakoetan eta %9,4 goi mailan). Beraz, 16-17 ikasturtetik lanbide heziketaren eskaintzak %15,3ko igoera izan du, Lanbide Heziketa Plan Estrategikoak ezartzen duen lerroari jarraituz. Ildo horretan, Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, “Departamentuak iaz hasitako bideari jarraitzen dio, inoizko eskaintzarik zabalena eginez Lanbide Heziketa zikloetan, Arte Plastikoak eta Diseinuan eta Kirol Ikasketetan; eta horrela jarraituko du baita 2019-20 ikasturtean ere”. Izan ere, Nafarroan 114 ziklo ezberdin eskaintzen dira lanbide heziketan: 17 Oinarrizko LHn, 39 Erdi Mailan eta 58 Goi Mailan. Horri Lanbide Heziketa Bereziko beste 14 curriculum gehitzen zaizkio.

Euskaraz egingo den lanbide heziketa eskaintzak ere igoera esanguratsua izan zuen iaz, %6,5ekoa, eta bide horretan, aurten 4 ziklo berri gehituko dira, Iruñean, Altsasun eta Irunberrin, bai erdi mailako, bai goi mailako zikloetan. Proposatutako espezialitate berriei esker, euskarazko lanbide heziketa eskaintzari eusten zaio erdi mailako zikloetan, 17-18an egindako eskaintza finkatuz (%10,91); 18-19 ikasturtean erdi mailako zikloen %10,89 izango da euskaraz.

Euskarazko ikasketen hazkundeari gehitu behar zaio Departamentuak ezarri nahi duen metodologia aldaketa ere, Oinarrizko lanbide heziketa zikloetan; asmoa da, ikasturte akademikoaren egungo zurruntasuna malgutzea “Proiektuetan Oinarritutako Ikasketa metodologiak eta bestelako metodologia aktiboak sustatuz”, azpimarratu du Solanak. Horretarako, Oinarriko Lanbide Heziketako ratioen jaitsiera aztertzen ari da Departamentua, taldeko 14tik 12 ikaslera jaisteko.

Era berean, eskaintzaren hazkundea Lanbide Heziketa Dualean ere emango da, “modu adierazgarrian hasi baita, ziklo berriekin eta indarrean dauden beste batzuen eraldaketarekin”, azaldu du Lanbide  Heziketako zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubiok. Gaur egun 11 ikastetxetako 641 ikasle ari dira modalitate horretako 17 formakuntza zikloetan. Ikasturte honetan 322 ikasle ari dira lanbide heziketarekin elkarlanean diren 183 enpresetan trebatzen. Hurrengo ikasturteko hazkundeari esker, trebakuntza dualean %29 haziko da.

Aukera erdipresentzialean

Hezkuntza departamentuak lehenengoz eskainiko du modalitate erdipresentziala pertsona helduentzako. Lanbide Heziketako zuzendariak azaldu duenez, “modalitate berri honekin zabaldu egiten da Nafarroan eskaintzen diren ikasteko era malguak helduek hezkuntza maila eta kualifikazioak eguneratzeko aukera izan dezaten lanbide heziketa tituluak eskuratzeko aukeraren bitartez, lana eta familia kontziliazioa erraztuz”. Erdi mailako “Erizaintzako zaintza-laguntzaile” zikloa eskainiko da Iruñeko ESTNA eskola sanitarioan eta Tuterako ETI zentroan, batetik, eta “Gizarteratzea” zikloa Iruñeko Hezitzaile eskolan. Modalitate berriak arratsaldeko ordutegia izango du.

Eskaintza berri hau Departamentuak urtetik urtera gehitu duen onlineko eskaintzari gehitzen zaio. Izan ere, 2009-2010 ikasturtean sartu zen lehenengo online zikloa Nafarroan eta harrezkero estatuko bataz bestekoaren gainetik dago lanbide heziketa, online ikasten duten ikasle kopuruari dagokionez; erkidego guztietan lehenengoa izatea da asmoa. 18-19 ikasturteari begira, bi ziklo berri egongo dira eta iaz hasitako zikloei beste bi modulu gehituko zaizkie. Gainera 9 ziklo osorik eskaintzen dira dagoeneko online (2 erdi mailakoak eta 7 goi mailakoak) larrialdi sanitarioak, automatizazioa eta industria errobotika nahiz zentral elektrikoak, besteak beste.

Izen-ematea

Goi eta Erdi mailako zikloetan izena emateko epea maiatzaren 7tik 11ra izango da eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, berriz, maiatzaren 28tik ekainaren 1era. Bi kasuetan ikasleek, gehienez, 6 aukera egin ahal izango dituzte. Kirol Ikasketen izen-ematea, bestalde, maiatzaren 2tik 11ra izango da. Hezkuntza departamentuaren webgunean kontsultatu ahalko da lanbide heziketako eskaintza osoa.

Informazio gehiago