angle-left Hezkuntzak gaur bukatuko ditu derrigorrezko ondorengo eta unibertsitateko ikasketa-beken ordainketak

Guztira 2.872 beka dira, 4,3 milioi euro

2017/08/17

Hezkuntza departamentuak gaur bertan egin du unibertsitate ikasketak eta derrigorrezko ondorengo ikasketa-beken bigarren ordainketa, 2016-17 ikasturteari dagokiona. Guztira, beraz, 2.872 ikaslek jaso dute ordainketa, aurreko ikasturtean baino 607 ikasle gehiagok.

Izan ere, Hezkuntza departamentuak gehitu egin du beka horietarako iaz emandako aurrekontua: 3,6 milioi eurotik 4,3 milioitara (4,334,104 euro).

Lehenengo ordainketa uztailaren 5ean egin zen eta aldi hartan 2.714 lagunek jaso zuten diru-laguntza; bigarren ordainketan, berriz, 158 eskatzailek jasoko dute dagokien dirua.

2016-17 ikasturtean Nafarroako Unibertsitateko 586 ikaslek, guztira, 1,5 milioi euro jaso dute; NUPeko 585 ikaslek, 707.200 euro eta gainerako unibertsitateetan ari diren 718 ikaslek, berriz, guztira 1,3 milioi euro jaso dute. Derrigorrezko ikasketa ondoregoak egiten ari diren 983 ikasleri, guztira, 623.000 euro ordaindu zaie.

Deialdi berria

Hezkuntza departamentuak gogorarazi duenez, Nafarroako gobernuak ematen dituen beka hauek “osagarriak dira; Hezkuntza ministerioak ematen dituen diru-laguntzak osatzeko dira”. Hori dela eta, Nafarroako gobernuaren beka-eskaria egiteko, lehenik eta behin, Ministerioaren deialdira aurkeztu beharra dago.

Ministerioak dagoeneko ireki du 17-18 ikasturteko beka deialdia; Hezkuntza departamentuak laster argitaratuko du berea.