angle-left Irakaskuntza eleanitza bultzatzeko bilera egin dute Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeetako ordezkariek

Ikasturte hasiera ikastetxe guztiei informazioa banatuko zaie formazioa eta elkarlana eskaintzeko

2018/05/31

Hizkuntza proiektuaren beharra zabaltzeko eta hizkuntzen irakaskuntzan urrats berriak egiteko bilera egin dute aste honetan Hezkuntza departamentuko arduradunek eta ikastetxeetako elkarteetako ordezkariek. Bertan, Hizkuntzen Trataera Bateratuaren (HTB) metodologiaren inguruko azalpenak emateaz gain, hizkuntza proiektua egiteko argibideak eskaini dituzte Eleaniztasunaren Zerbitzuko kideek.

Eleaniztasunaren balioa azpimarratzea bilatzen du HTB metodologiak, eta hizkuntza aniztasunaren babesa eta errespetua du ardatz. Nafarroan bertako bi hizkuntza bizi direla kontuan hartuta, irakaskuntza eleanitzak errealitate horretatik abiatu beharra dauka, zertarako eta atzerriko hizkuntza txertatzeko modua aztertu eta hiru eleko sistema eleanitz eraginkorra lortzeko.

Hizkuntzen trataera bateratuaren oinarrian ebidentzia bat dago, aditu askok azpimarratu eta ikerketa askok frogatuta dutena: trebetasun linguistikoek ez dutela isolaturik funtzionatzen, elkar landu  eta elkarri eragiten baitiote. Horregatik uste da hizkuntzen irakaskuntzak integratua behar duela izan. Metodologia honen bidez, ikasitakoaren transferentzia lortzen da eskolan, gaitasun eleaniztasunean sakontzeko. Horrek hizkuntzen irakaskuntzaren planteamendu berria eskatzen du, batez ere irakasleen arteko ezinbesteko koordinazioa hizkuntza ezberdinetan ikasitakoaren transferentzia bermatzeko edukiak errepikatu gabe, eta hizkuntza ezberdinetan ikasitakoaren transferentzia horri etekin pedagogikoa ateratzeko.

Hizkuntzen irakaskuntzaren arlo honetan, Hezkuntza Departamentuaren helburuetako bat da metodologia hau zabaldu eta baliabideak ematea. Horretarako, ikastetxeetan Hizkuntza Proiektua lantzea sustatuko du hurrengo hilabeteetan. Ikastetxe bakoitzak garatu eta aurrera eraman behar duen kontsentsuzko dokumentu erabilgarria da Hizkuntza Proiektua. Ikastetxearen errealitatearen azterketatik abiatzen da –zer nolako testuinguru soziolinguistikoan dagoen ikastetxea; zer nolako hizkuntzak menperatzen dituzten ikasleek; zer nolako hizkuntzak irakasten diren bertan- eta hainbat helburu zehazten ditu. Ondoren, egindako bidea ebaluatzen da. Lau urterako diseinatzen da, eta ondoren berrikusi eta berriro abiatzen da proiektu berria.

Hizkuntza Proiektua egiteko urratsak ikastetxeen ikasturte hasierako jarraibideetan ezarriko dira, eta Hezkuntza Departamentuaren asmoa da ikasturtean zehar foru agindua ateratzea eta Hizkuntza Proiektuaren garapena ikastetxe guztietara zabaltzea.

Aste honetan departamentuan egindako bileran, irakaskuntza publikoko eta kontzertuko ordezkariak bildu dira, eta irailean informazioa ikastetxeetan zabaldu eta formazio gehigarria emateko konpromisoa hartu da, bide hau elkarrekin jorratzeko asmoz.