angle-left Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak Nafarroa gaitu du ikasturte honen eta hurrengoaren artean curriculuma berrantolatzeko proposamena egiteko, egun dauden desberdintasunak zuzentzeko

Ebaluazio, sustapen eta titulazio irizpideak malgutzeko Ministerioak autonomia-erkidegoekin hartutako akordioa babesten du Foru Komunitateak

2020/04/16

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur eman dio babesa Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak hartutako akordioari, 2019-2020 ikasturteko hirugarren hiruhilekoa garatzeko eta 2020-2021 ikasturtea hasteko.

Isabel Celaá Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroa buru izanda, Konferentziak berretsi egin du ikasturtearen iraupenari eusteko erabakia, eta garatzen diren jarduerek aukera emanen diete haurrei eta gazteei etengabeko ikaskuntzari lotuta egoten jarraitzeko, momentuz urrundik bada ere. Funtsezko printzipioa delakoan pertsonen zaintza lehenetsita, Ministerioa eta autonomia-erkidegoak  bat datoz: ikasgelako irakaskuntzari berrekiteko, beharrezkoa izanen da osasun baldintzak betetzea. Dena den, ikasturteak ekainera arte iraunen du gehienez, prozesu bereziei (adibidez, USEren probak) loturiko salbuespenarekin.

Konferentzia Sektorialean gaur hartu diren akordioek aukera ematen diote Nafarroako Foru Komunitateari ikasturte honetako eta hurrengoko curriculuma bateratzeko proposamenean lan egiten jarraitzeko. Horrela, jarraipena emanen litzaioke prestakuntza prozesuari, egun dauden desberdinkeriak zuzendu ahal izateko. Izan ere, Konferentzia Sektorialaren akordioek autonomia-erkidegoak gaitzen dituzte, beren eskumenak erabiliz ikasturteen artean curriculuma berrantolatzeko proposamenak egin ditzaten eta ikasturte honen sustapen eta ebaluazio irizpideak malgutu ditzaten.

Ikasturteen artean curriculuma berrantolatzeko neurri horietatik kanpo geratuko lirateke DBHko 4. maila, Batxilergoko 2. maila, LHko 2. maila eta goi mailako arte irakaskuntzak amaitzekoak . Azken ebaluazioa antolatuko da halako moduan, non bermatuko baita dagokion titulua lortuko dela ukitutako ikasleentzat onuragarrienak diren baldintzei jarraikiz, USErako hartutako erabakien antzera. Hezkuntza Departamentua dagoeneko lanean ari da ikastetxeetarako jarraibideak prestatzen, guztiek horien berri izan dezaten apirilaren 20an urrutiko jarduerak berrabiarazten direnerako.

Konferentzia Sektorialaren gaurko bilera bideokonferentzia bidez egin da, eta Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak hartu du parte. Bertan nabarmendu du “egingarria” dela Ministerioaren adostasun proposamena eta Nafarroak hori babesten duela. Halaber, hezkuntza administrazioen lan koordinatuaren garrantzia azpimarratu du, alde batera utzita departamentuak ebaluazioen, sustapenen eta tituluen egokitzapenaren xehetasunei buruz eginen duen azterlan juridikoa.