angle-left Altsasuko Txirinbulo Udal Haur Eskola bisitatzen izan da gaur Solana Hezkuntza kontseilari

2017/08/31

Maria Solana haur eskola bisitatzen izan da.

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria Altsasun izan da gaur, Txirinbulo Udal Haur Eskola berriaren inaugurazioan. Han izan dira, Altsasuko alkate Javier Ollo, hainbat foru parlamentari, baita 2017-18 ikasturtean eraikin berria erabiltzen hasiko diren neskato-mutikoak eta euren gurasoak ere.

Ikasturte honetan Altsasuko 30 neskato-mutiko hartuko ditu Txirinbulo Udal Haur Eskolak. Hiru unitate oso ditu eta irailaren 5ean hasiko du ibilbidea, haurrekin. Izan ere, bihar, irailak 1, zaintzaile eta profesionalak sartuko baitira azken ukituak ematera haur eskolari.

Haur eskola barrutik ezagutu ostean, zentroko zuzendari Rosa Goikoetxea Imazek emandako azalpenei adi,  Solana kontseilariak adierazi du, "egun handia" dela, "Nafarroako gobernuarentzat esanahi berezia baitu Altsasun, behingoz, 0-3ko haur eskola egoki eta kalitatezko bat izatea". Solanak gogoratu du, "luze jo duen ibilbidea" izan dela Txirinbulo udal haur eskolarena. Eta gogoan izan ditu bitarte horretan, "baldintza egokienetan izan ez bada ere, lanean aritu diren zaintzaileak".

Zoriontzeko eguna dela azpimarratu du kontseilariak "Nafarroako gobernuak honen alde legegintzaldi hasieran egin izana apustu handia izan baita, Altsasuko Udalarekin elkarlanean gauzatu dena". Solanaren iritziz, "era honetako zerbitzuak ezinbestekoa dira kontziliazioa bermatzeko eta zonaldearen garapen egokia ahalbidetzeko".