angle-left Solana kontseilariak Musikariak Ikastetxeetan programaren II edizioa aurkeztu du

Programak aurten 88 saio eskaini ditu 43 ikastetxetan, eta datorren ikasturtean hala eskatzen duten ikastetxeetan 191 saio eskainiko dira eta egitasmoa 2023a arte luzatzeko aukera izanen da

2019/07/02

 

María Solana Arana, jarduneko Hezkuntzako knotseilariak gaur goizean Musikariak Ikastetxeetan proramaren bigarren edizioa eman du ezagutzera, hain zuzen ere ikasturte honetan abiatu zen ekimena. 2018-2019 ikasturtean 88 saio eskaini dira 43 ikastetxeetan, eta datorrenean 191 saio izanen dira hala eskatzen duten eskoletan. Gainera, ekimena, 2023. urtera arte luzatzeko aukera izanen da. 

Iaz egin bezala Musikariak Ikastetxeetan programa aurkezteko Solana kontseilariak abeslariak eta egun musika arloko protagonisten laguntza izan du, lehendabizi aurten abiatutako programaren balorazioa egin eta izango duen jarraipena aurkezteko. Kontseilariak adierazi duen moduan, “egitasmoak oso balorazio ona izan du eta Departamentutik jarraipena ematea erabaki dugu”. Horregatik, dagorren ikasturtean hiru urtez, 2022-23 ikasturtera arte luzatuko den, programan parte hartzeko aukera izanen da. Gainera, arlo didaktikoa indartu da horretarako unitate didaktikoak sortuz ikasgeletan lanean jarraitzeko aukera izateko.

Hezkuntza Departamentuak aurten abian jarri du “Musikariak ikastetxeetan” programa aitzindiaria, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean musikaren bitartez euskararen transmisioa bideratzeko zuzendutako programa. Horretarako, abeslari zein musika sortzaileek ikasgeletara bisitak egiten dituzte eta ikasleei musika ohituren inguruan hitz egiten diete, abestiak zuzenean eskaini eta dituzten galderak luzatzeko aukera ematen diete. Besteak beste, “musikari horiekin gertutik hitz egin ahal izatea da programa honek duen garrantzia, luxu bat da ikasgelako ikasle guztiek, ezberdintasunik gabe, horretarako sarbidea izatea”, gehitu du María Solana kontseilariak. Hain zuzen ere irailetik aurrera izango dute aukera ikastetxeetan bisitak hartu nahi dituzten eskolek eskaerak egiteko aukera.

Eskaera egin ahal izanen dute DBH 3 eta 4 zein Batxilergoko ikasleak dituztenek, euskaraz edota euskara ikasgai moduan badute. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atala arduratuko da programaren antolaketaz, izan ere datorren ikasturterako 191 saio aurreikusi dira, Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztientzako.

90 minutu inguruko saio bakoitzean, abeslariak bere ibilbidearen inguruko sarrera bat egiten du, eta ondoren musikaren jatorria eta bilakaera azalduko ditu. Gainera, beraien letrak sortzeko, idazle zein olerkariekin egiten duen lana azalduko dute eta beraien lana euskal musikaren ohituran kokatuko dute. Gainera, azalpenekin batera zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte.

Musika protagonista

Musikariak Ikastetxeetan programako saioak oinarritzat hartuz, bgiarrengo edizioaren aurkezpenean ere Hezkuntza Departamentuko klaustroan musika ez da falta izan. Bertan izan dira, Mikel Inun, Rafa Rueda, Pelax, Zuriñe Hidalgo, Amorante, Xabi San Sebastián eta Jon Gurrutxaga. Hartara, Maria Solana kontseilariaren hitzen ostean, Mikel Inunek “Da nola” abestia eskaini du eta jarraian Jon Gurrutxaga eta Amorantek tronpetarekin Txikia handi eta Hitz lauz abestiak eskaini dituzte.

Bitartean, Zuriñe Hidalgo abeslariak, ekimen honetan parte hartzeak musikarientzako dakarren esperientziaren inguruko balorazioa egin du, “guretzako aukera paregabea da eta ardura handi, batez ere emakume abeslariontzako, izan ere, neska gazteentzako erreferentzia izateko ardura dugu, gutxi baikara musikan gabiltzan neskak”.

2019-2020 ikasturtean, 41 musikari gerturatuko dira Nafarroako institutuetara, horien artean: Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Joseba Tapia, La Basu, Mursego, Maite Larburu, Gari edo Mikel Urdangarin.