angle-left Solana Kontseilariak buru izan da "Jakin-mina" zikloan parte hartu duten ikasleei ziurtagiriak banatzeko ekitaldian

Jakiundek antolatutako zikloan 12 ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte

2019/05/13

 

 
Solana kontseilaria, ordezkari eta Jakin-mina ziurtagiria jaso duten ikasle eta ikastetxeetako irakasleekin. 

María Solana Arana, Hezkuntza kontseilaria buru izan da gaur Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan "Jakin-mina" zikloan parte hartu duten ikasleei eginiko ziurtagiri banaketan. Jakiundek, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako zikloan parte hartu duten 66 ikasleetatik 40k jaso dituzte ziurtagiriak. 

Altsasu, Leitza, Fontellas, Iruña, Atarrabia, Bera, Burlata, Tutera eta Zizur Nagusiko DBH 4. mailako 60 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte Jakiundek antolatutako zikloaren baitan Civican eta NUPeko Tuterako kanpusean egin diren hitzaldi saioetan. Bertan, gai zientifikoak, literarioak zein artistikoetan sakondu ahal izan dute gai ezberdinetan aditu direnen eskutik.

María Solana Arana, Hezkuntzako kontseilariak aipatu duenez, “zalantzarik gabe ezagutzetan sakontzea, pertsona bezala garatzearekin batera, hezkuntzaren helburuetariko bat da. Hartara helmuga hori lortzea, hezkuntza prozesuan sakonduz, txalogarria da eta ulertzekoa da gozatu duzuen aukera honetaz ez zaretela ahaztuko”. Gainera, Jakiunde Akademia zoriondu du kontseilariak, “aurten ere lortu duzuen arrakastagatik” eta ikasleak jakin-mina mantentzera animatu ditu, “jarraitu ezazue gehiago ikasteko grina horrekin, ohikoak ez diren bideetatik ezagutzak eskuratuz, oraingoan Iruñean edo Tuteran egin duzuen moduan”, aipatu du.

Ekitaldian Solana kontseilariarekin batera izan dira Jesús María Ugalde, Jakiundeko presidentea; Iranzu Vázquez Caja Navarra Fundazioko kultura eta hezkuntza arduraduna; Iciar Astiasarán, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa errektoreordea; Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa errektoreordea eta NUPeko errektore berria izanen dena; eta Nora Alonso, Iden Biotechnologyko CEOa.

Jesús María Ugalde, Jakiundeko presidenteak ikasleak zoriontzearekin batera irakasleei eskerrak eman dizkie ikasleei ziklo honetan parte hartzera animatzeagatik eta “zientzia eta teknologiara aditu onenekin gerturatzeko aukera probesteko” beharra azpimarratu du, izan ere azaldu duen moduan, “zientziak ez du aurrera egiten modu lerrokatu eta antolatu batean, aukera sortzean salto egiten du, eta aurrera egiteko planak zehaztea zaila bada ere, horretan aritzea beharrezkoa da, eta hor dago Nafarroako Gobernua”. Bestalde, Iciar Astiasarán Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa errektoreordeak ikastetxeen elkarlana eta ahalegina goraipatu du eta Jakiunderen helburuak aipatu ditu, “zientzia eta ezagutzaren dibulgazioan jardutea” eta ziklo honek ikasleei ematen dien aukera azaldu du, “zuen bidean aurrera egiteko edo agian zuen etorkizuneko bidean sartzeko aukera eskaintzen dizue”. Biek gainera “Jakin-mina” egitasmoaren zortzigarren edizioa egin ahal izateko Caja Navarra Fundazioak emandako laguntza eskertu dute.

Parte-hartzaileak

Zortzingarren edizio honetan 66 ikasle eta 12 irakaslek hartu dute parte. Honako ikastetxeetakoak izan dira: Altsasu BHI, Leitzako Amazabal BHI, Fontellaseko Argia Ikastola, Burlatako Askatasuna BHI, Atarrabiako Pedro de Atarrabia BHI, Berako Toki Ona BHI, Tuterako Valle del Ebro BHI, Zizur Nagusiko BHI, eta Iruñeko Monjardin Lizeoa, Navarro Villoslada BHI, San Cernín Ikastetxea eta Santa Teresa Ikastetxea.

Bost jardunaldietan zehar ikasleek hainbat gairen inguruko hitzaldietan izan dira, besteak beste, zaintza, etika, mikrobiotika, ekonomia utopikoa eta distopikoa, norbanakoaren medikuntza, alimalien letrak edota komunikazio politikoa. Guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Vienako Medikuntza Unibertsitateko zein Euskal Herriko Unibertsitateko adituen eskutik.