angle-left Haur eta Lehen Hezkuntzako "Vascuence Navarra" irakasleen espezialitateak "Euskera" izendapena izango du

Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilariak, 2012an zehaztutako izendapena aldatzeko foru agindua onartu du 2020ko abenduaren 9a

2020/12/09

Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilariak, foru agindua sinatu du, eta horren bidez "Vascuence Navarra" espezialitateari "Euskara" espezialitatea deituko zaio. Horrela, 2012an ezarritako izendapena ordezkatu da, 2017an onetsitako Euskararen Foru Legean ezarritako irizpideei jarraituz.

2012ko martxoaren 20ko 26/2012 Foru Aginduak "Vascuence Navarra" izena ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistren kidegoko irakaskuntza-espezialitate horretarako. Geroago, 2017an, Euskararen Foru Legeak 1986ko Euskararen Legearen izenburua eta artikuluak aldatu zituen.

Arau berri horren xedapen gehigarri bakarrean zehaztu zen Euskararen Foru Legea aplikatuz garatzen edo ematen ziren xedapen eta egintza guztiak izen berri horretara egokitu beharko liratekeela "Euskara" terminoa erabiliz, "Vascuence" terminoaren ordez.

Irakasleen kidegoetako espezialitate baten izen ofizialari erreferentzia egiteko, espezialitate horrek estatuko araudiaren arabera duen eta Nafarroako Foru Komunitateak bere eskumenak erabiliz garatu duen izena erabili behar da. Nafarroako hizkuntza koofizialaren espezialitatearen kasuan, Maisu-maistren Kidegoan, Vascuence (Nafarroa), martxoaren 20ko 26/2012 Foru Aginduaren arabera.

Horrela egin zen aurreko legealdian onartutako deialdi guztietan, non espezialitate horretako oposizioak "Vascuence Navarra" izen ofizialarekin deitu ziren.

Egitura

Agindu berriaren arabera, “Vascuence” espezialitateko irakasle funtzionarioak “Euskara” espezialitateko titular bihurtuko dira. Hala ere, foru agindu berriak indarra hartzean “Vascuence” espezialitatean izenpetutako kontratuek indarrean jarraituko dute, aldatu beharrik gabe.

Aldaketa horrek ez du esan nahi Hezkuntza Sailean administrazio-unitate berriak sortuko direnik, ez eta sail horren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan esleituta dituzten funtzioak aldatuko direnik ere.

Foru aginduaren proiektua jendaurrean jarri zen joan den urriaren 6tik 27ra bitartean eta oraingoz ez da inongo alegaziorik jaso.