angle-left Chivite Lehendakariak Parisen jaso du Skolae programarako UNESCOren saria

Programari emandako saria eskertu du “gizarte zuzenagoa eta berdinagoa lortzeko hezkuntzatik hasita”

2019/10/17

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek ostiral honetan jaso du Parisen Nesken eta Emakumeen Heziketaren UNESCO Saria, "Skolae, Berdin Bidean" baterako hezkuntzako proiektua abian jartzeagatik. Chivitek programari emandako saria eskertu du, "gizarte zuzenagoa eta berdinagoa lortzera bideratuta baitago neska-mutikoen eta gazteen hezkuntzatik".

Ekitaldia Unescoren egoitzan egin da. Lehendakariarekin batera izan dira Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno, eta Departamentuko hezkidetzako aholkularia eta Skolaeko korrdinatzaile Amelia Fernández de Monje.  

UNESCOk, Nazio Batuen erakundeak, Hezkuntza jorratzen duenak, Skolae proiektuan neska-mutikoei ematen dizkien tresnak aintzat hartu ditu, "berdintasunerako duten banako eskubidea gauzatzeko, haien kultura, erlijioa eta sexu orientazioa edo identitatea edozein dela ere". Erakundeak prebentzio-izaera ere nabarmendu du, "nesken eta emakumeen aurkako edozein indarkeria-motaren aurreko prebentzioa, emakumeak eta haien ekarpenak nabarmenduaz eta berdintasunezko maskulinitatea eta feminitate arduratsua balioztatuaz”.

Saria banatzeko ekitaldian, Chivite Lehendakariak gogoratu du baterako hezkuntzako eta hezkuntza afektibo-sexualeko Skolae programa "beharrezkoa dela genero-desberdintasuna, indarkeria eta sexu-abusuak eta sexu-transmisioko gaixotasunak murrizten laguntzeko nahiz sexu-aniztasunarekiko errespetua eta espazio publikoan emakumeen ikuspena errazteko”.

Chivitek nabarmendu du erakundeek gizarteari berdintasun-adibidea eman behar diotela. Horrela, ondorengoa adierazi du: “Nafarroako Gobernuaren aurrean nagoen hirugarren emakume Lehendakaria naiz (elkarren segidan), eta horrek erakusten du esfera publikoan emakumeok lidergo-postuetan gaudela; esfera pribatuan, aldiz, beirazko sabaiak hausten jarraitu beharra daukagu, eta bide horretan, hezkuntza daukagun tresna indartsuena da”.

Azkenik, Lehendakariak eskerrak eman dizkio programa sortu duen taldeari, programa abian jartzeagatik, eta hezkuntzako maila ezberdinetan finkatzeko lanean ari den egungo taldeari.

UNESCOren Saria

Nesken eta Emakumeen Heziketaren UNESCO Sariaren bitartez, nesken eta emakumeen hezkuntza sustatzeko eta, ondorioz, haien bizi-kalitatea hobetzeko, partikularrek, instituzioek eta erakundeek egindako berrikuntzak eta ekarpenak saritzen dira.

Urtero, Saria bi erakunde edo partikularrei ematen zaie. UNESCOren Kontseilu Exekutiboak sortu zuen, eta Garapen Iraunkorrerako Agendan 2030. urteari begira jasotako helburuak betetzen laguntzen du.

Skolae proiektuaz gain, 2019. urtean, UNESCOk Sulá Batsú saritu du; hau da, Costa Ricako kooperatiba, 2005. urteaz geroztik teknologia digitalen erabilera artearekin batzen duena, neska eta emakume gazteei historiak kontatzeko eta toki-komunitateen eraldaketa soziala sustatzeko.

“Amerikako Erdiguneko nesken ahotsa” proiektua 4.000 neska baino gehiagorengana iritsi da Costa Ricatik hasi eta inguruneko beste herrialdeetaraino. Eskoletan jarri da abian, eta programak ahotsa ematen die ingurune behartsuetako neskatxei.

Dakigun moduan, Skolae baterako hezkuntzako programa 116 ikastetxetara heldu da Nafarroan, 2017an abian jarri zenetik. Bertan, 3 eta 18 urte arteko 15.000 mutil eta neska baino gehiagok eta 500 bat irakaslek hartzen dute parte.