angle-left Unibertsitatera sartzeko frogak ekainaren 4, 5 eta 6an eginen dira

Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtearen Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak onartu eta argitaratu ditu

2019/03/04

 

Azterketak ekainaren 4, 5 eta 6an eginen dira deialdi arruntean, eta ekainaren 26, 27 eta 28an bigarren deialdia. Ikasleek froga horiek gauzatzeko izen-ematea ikasketak bukatu dituzten ikastetxearen bitartez eginen dute.

Ebaluazioaren xedea ikasleen heldutasun akademikoa eta unibertsitateko graduko ikasketetan ongi segitzeko duten gaitasuna baloratzea da, eta baita ikasketa horietarako onarpen eskaerak ordenatzea ere, eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

Batxilergoko bigarren mailako ikasgaien curriculumera egokitutako probak bi fase izanen ditu. Nahitaezko arloa Batxilergoko 2. mailako enborreko irakasgai orokorrei buruzkoa izango da, eta gainera nahitaezko fasean bosgarren ariketa bat egin beharko dute, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiari lotuta, Batxilergoko 2. maila D edo A ereduetan egin duten ikasleek, irakasgai horretatik salbuetsita ez badaude.

Borondatezko fasean, Batxilergoko 2. mailako aukerako enborreko irakasgaiei eta modalitateko enborreko irakasgai orokorrei buruzkoa izanen da, eta beren nota hobetu nahi duten ikasleak aurkeztuko dira fase honetan. Fase honetan aukera izango dute gainera, hala nahi izanez gero, bigarren Atzerriko Hizkuntza batean. Bi faseetako ariketak egiteko bi aukera emanen dira, eta ikasleak horietariko bat aukeratu beharko du.

Ikasleek beren hizkuntza ereduari dagozkion hizkuntzan eginen dute proba. Dena den, aldatzeko aukera izango dute, eta irakasgai guztiei eragingo die aldaketa horrek, Gaztelania eta Literatura II, Euskal Hizkuntza eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II.

Emaitzak

Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren kalifikazioa, Batxilergoko batez besteko notaren %60ren eta nahitaezko faseko kalifikazioaren %40ren arteko bataz bestekoa izango da, baldin eta fase horretan gutxienez 4ko nota eskuratu bada. Proba gainditutzat joko da emaitza 5 puntukoa edo handiagoa denean.

Azterketa egin duten ikasleek, behin emaitzak argitaratuta, hurrengo egunetik hasita, hiru egun balioduneko epea izango dute azterketa berrikusteko.

Unibertsitatean sartzeko proba aurreko urteetan gainditu zuten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluaziora aurkezteko. Borondatezko fasera aurkeztu ahal izango dira, halaber, onarpen nota hobetzeko, titulu hauetakoren bat dutenak: Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariarena edo goi mailako kirol teknikariarena.