angle-left Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak 210 marrazki libre sareratu ditu irakasleentzat

2020/10/15

Ikasle gazteekin oinarrizko hiztegia lantzeko eta ikasgelan eguneroko errutinak edo hizketaldiak laguntzeko egokiak izan daitezkeen koloretako 210 marrazki plazaratu ditu Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak. Marrazkiak Mikel Santos Belatz irudigile iruindarrak egin ditu, eta EIBZren webgunetik deskarga daitezke, doan, ikasgelan nahiz etxean erabiltzeko.

Irudi biltegiko marrazkiak gaika sailkatuta daude, 3-12 urteko adin tartean esanguratsuak izan daitezkeen zenbait gairen arabera, hain zuzen ere: eguraldia, eskola ekintzak, eguneroko ekintzak, kirol ekintzak, emozioak eta aldarteak, jakiak eta edariak, jantziak, abereak, toki-izenak, garraiobideak, lanbideak, musika tresnak, gure jaiak eta inauteriak, besteak beste.

Irudiak baliabide didaktiko funtsezkoak dira hizkuntza gelan, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hainbat arrazoirengatik: ulermena errazten dute, hiztegia eta hizketagaiak aurkezteko eta mugatzeko balio dute, eta eguneroko errutinak eta hizketaldiak egituratzen laguntzen dute, baita blokeo egoerak gainditzen ere (adibidez, hitza gogoan ez duen haurrak irudia seinalatu edo esku artean har dezake esan nahi duena adierazteko). Azken finean, ahozkotasunaren aldamioak jartzeko erabil daitezke irudi-txartelak, gelan hamaika hizkuntza jolas eta jarduera egiteko aukera eskaintzen baitute.

Euskara Atalak A eta D ereduetako eta euskaltegietako irakasleen lana erraztu nahi izan du irudi hauek plazaratuz, baina uste dugu Hezkuntzako beste irakasle eta profesionalentzat eta gurasoentzat ere erabilgarri izan daitezkeela. Adibidez, jakina da autismoa, arretari eusteko zailtasunak edo entzumen arazoak dituzten haurrekin asko erabiltzen direla marrazki edo piktogramak.

Horiek guztiek modu librean deskargatu ahal izango dituzte 210 marrazkiak, inprimatu, plastifikatu eta nahi eran erabiltzeko. Irudiak hiru tamainatan deskarga daitezke: jatorrizko tamainan (10x10 zentimetro), ertainean edo txikian. Irudi-txartelak ez ezik, haiei dagozkien hitz-txartelak ere eskuratu ahal izango dituzte erabiltzaileek PDF formatuan.

Sareratutako materialari gelan ahalik eta etekin handien ateratzeko zenbait proposamen didaktiko eta prestakuntza jarduera lantzen ari dira Euskara Atala eta EIBZ. Urriaren 7an, esate baterako, Ahozkotasunaren aldamioak nola jarri A ereduan informazio saioa egin zuten hizkuntz eredu horretako euskara irakasleekin.