angle-left Nafarroako Unibertsitate Publikoak Medikuntzako ikasketak izanen ditu irailetik aurrera

Hezkuntza kontseilaria pozik agertu da ANECAk NUPeko Medikuntza Graduari erantzun positiboa emateagatik

2019/05/13

 

Nafarroako Gobernuak, bozeramaile eta Hezkuntzako kontseilaria den Maria Solanaren bitartez, poza agertu du Kalitatearen eta Akreditazioaren Ebaluazioko Agentzia Nazionalak (ANECA) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Medikuntzako gradu berria ezartzearen aldeko erantzuna eman duelako. Medikuntza-gradua unibertsitate publikoan abian izango da datorren ikasturtean, 60 plazarekin.

“Medikuntza Gradua abian jartzeko prest gaude, eta izugarrizko gogoa dugu hau bezalako apustua aurrera eramateko, gure ustez, Foru Komunitatearen garapenarekin lerrokatutako graduen eskaintza biribilduko baitu”, adierazi du Hezkuntzako kontseilari María Solanak.

Gainera, kontseilariak adierazi du “guztiok zoriondu behar garela. Nafarroako Gobernuak, aldaketaren gobernuak, apustu argia egin du aspaldiko gai baten alde, eta medikuntza unibertsitate publikoan ere ikasi ahal izatea eskatzen zuen gizartearen oinarrizko aldarrikapen soziala izan da”. Nafarroako Gobernuak egindako “apustu zuzena” izan da, eta “konpromiso garbia erakutsi du, NUPekin batera lan eginaz, Hezkuntza Departamentuak nahiz Osasun Departamentuak”.

Modu horretan, NUPen hurrengo matrikulan, Medikuntza gradua hautatu ahal izango da, eta Nafarroako Unibertsitate Guneak, Unibertsitate Ospitale gisa, unibertsitate publikoko ikasleak ere hartuko ditu. Hala ere, “lana ez da hemen amaitzen: Medikuntza graduko klaseak 2019an hasiko dira NUPen, eta NUPek eta Gobernuak elkarrekin lanean jarraituko dute atal guztietan kalitate handiena bermatzearren. Erronka guztiak bezala, ez da erraza izango, baina ilusioa, lana eta baliabideak ez dira faltako”.

Prozesu neketsua

Unibertsitatean edozein titulazio ofizial ezartzeko, norberaren autonomia behar da, titulazioen maparekin eta etorkizuneko estrategiarekin lotuta, eta harreman zuzena izan behar du eskaerarekin, ehun sozio-ekonomikoarekin eta inguruneko aukera profesionalarekin. Hori guztia, jakina, Unibertsitateak dituen eta bertan aurreikustia dauden giza baliabideetatik eta baliabide materialetatik abiatuta. Horrek berme bikoitza eskaintzen du: alderdi akademikoak dimentsio osoan egiaztatzea eta onartzea Kalitatearen eta Akreditazioaren Ebaluazioko Agentzia Nazionalak (ANECA), eta Nafarroako Gobernuaren baimena, Unibertsitateari finantza-laguntza emateko erantzukizun nagusia bere gain hartuko baitu.

Medikuntza gradua Publikoan eskaintzeak, gainera, “Gobernuaren eta Unibertsitatearen artean konpromiso-maila handiagoa izatea eskatzen du, hori gabe ezinezkoa baita ezartzea”, nabarmendu du Unibertsitateetako eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusiak, Nekane Oroz Bretonek. Beste titulazioetan ez bezala, Medikuntzan, besteak beste, kalitatezko giza baliabideak eta baliabide materialak behar dira, Osasun Sisteman praktikak egiteko, Graduan osasun-langileak integratzeko, edota baliabide ekonomikoak eta materialak espazio eta ekipamendu oso espezifikoetarako. Ondorioz, inplikaturiko Gobernu Departamentuak, batez ere, Osasun eta Hezkuntza Departamentuak, Unibertsitatearekin koordinatu behar dira, maila oso ezberdinetan (Kudeatzailetza, Irakaskuntza eta Ikerketako Errektoreordetza, Osasuneko Zientzia Fakultateko Dekanatua, Obra Zerbitzuak, irakasle espezifikoak, e.a.), Graduaren ezarpenaren bideragarritasuna eta kalitatea bermatze aldera. Denen onerako baterako konpromiso hori gabe, maila horretako proiektua ez litzateke posible izango.

eta Gobernuak jakin badakite, eta, horregatik, proiektu honetan elkarrekin egin dute lan hainbat urtetan, indibidualismoak alde batera utzita”, azpimarratu du Orozek. Lan nekeza izan da: aurretiko bilerak beste komunitatetako adituekin, aurretiko analisiak, aurreko txostenak, egungoak, barnekoak eta kanpokoak, Graduko lan-taldeak maila ezberdinetan (irakasleak, azpiegiturak, ikasketa-planak egitea), Ikasketa Plan osoa idaztea NUPek, Nafarroako araudi-egokitzapenak (adibidez, Nafarroako Ospitale Gunea Unibertsitate Ospitale izendatzea), proposamen estrategikoak egitea karrera akademiko-asistentziala garatzeko, PERIren aldaketa onartzea (duela gutxi), eraikuntza-proiektuaren lizitazioa, e.a. Makina bat ekintza izan dira, eta prozesu honetan aurre egin behar izan zaio Medikuntza publikoan interesatu gabeko talde politiko batzuen eztabaidatzeari, trabak ezartzen ahalegindu baitira, eraso sutsuekin eta informazio-eskaera errepikariekin (batzuetan, absurduak ere bai) nahasten saiatuaz, egindako lana zailtzeko eta moteltzeko helburu bakarrarekin.