angle-left Lanbide Heziketako zentroak egiten ari diren aldaketa goraipatu du Solana kontseilariak

Nafarroako museoan banatu die sariak Lanbide Heziketako metodologia aktiboen programan parte hartu duten ikastetxeei.

2017/05/31

Maria Solana kontseilariak itxi ditu Lanbide Heziketako Metodologia Aktiboen Jardunaldiak, Nafarroako Museoan. Solanak agerian utzi nahi izan du Lanbide Heziketako zentroak egiten ari diren aldaketa-prozesua ikasketa prozesuari dagokionez: “buru belarri sartuta dabiltza ikasleen eta gure erkidegoko enpresen beharrei erantzuteko erantzunak lantzen, ikasketa prozesuaren rol protagonista ikasleei emanez, hauek talde-lanean gaitzeko eta ekimena, sormena eta ardura garatu ditzaten”.

Lanbide Heziketako ikasle sarituak, Solana kontseilari eta Monterrubio Lanbide Heziketa zerbitzuko zuzendariarekin

“Kalitate handiko gaitasun teknikoak eta gizarteak eta enpresek behar dituzten gaitasun transbertsalak gure ikastetxeetan elkartzen direnean, ziur naiz ikasleek euren ibilbide pertsonal eta profesionala gartzeko behar dituzten tresna egokiak eskaintzeko gai direla”.

Goizean zehar Nafarroako museoan egindako jardunaldietan 2016-2017 ikasturtean zehar garatutako lan handi eta interesgarriari amaiera eman zaio. Aurten 22 ikastetxek, 90 irakaslek eta 420 ikaslek parte hartu duten metodologia aktiboen programan. “Jakin badakigu prozesu luzeago baten hastapenetan gaudela, baina Hezkuntza Departamentuak garbi dauka hezkuntza paradigma berri baten oinarriak ezarri asmoz ekin diola bide honi, bestelako antolaketa irizpideak aplikatu daitezkeen paradigma bat; finean, egungo mugak gainditzeko balioko digun eredua”, adierazi du Solanak itxiera diskurtsoan.

Era berean, saria jaso duten kategoria bakoitzeko ikastetxeak zoriontzeaz gainera, San Adriango Ega, Iruñeko Hezitzaile Eskola Nekazaritza eta Basogintza Eskola eta Tafallako politeknikoa, programan parte hartu duten gainerako ikastetxe guztien lana ere aintzat hartu du kontseilariak: Mª Ana Sanz zentroa, Maria Inmmaculada  politeknikoa, Carlos III.a Eskola Teknikoa, Burlatako Lanbide Heziketa ikastetxea, Tuterako ETI ikastetxea, Salesianoak, Lunbier eta Cuatrovientos.

Solana kontseilariak adierazi duenez, “ez da inolako kasualitatea programak izan duen arrakasta eta programan parte hartu dutenen lan ona. Izan ere, Lanbide Heziketako programa honen atzetik lan mardula dago. Hezkuntza departamentuaren ildo estrategikoa izaten ari da hasieratik Lanbide Heziketari prestigioa emateko lan egitea eta ikasleek arlo profesionalera jauzi egin ahal izatea bermatzea”.

Amaitzeko, kontseilariak programan inplikatu diren ikastetxe eta irakasle guztiei egindako lana eskertu die, baita Lanbide Heziketako zerbitzu teknikoari ere, “proiektua sustatzeagatik”.

Kontaktua: kabinetea
Mezu elektronikoak: gabinete.educacion@navarra.es
Telefonoa:848426626