Ekainaren 22an, astelehenarekin, irekiko dituzte berriz Nafarroako haur-eskolak - Ekainaren 22an, astelehenarekin, irekiko dituzte berriz Nafarroako haur-eskolak - Dpto
Gela bakoitzeko ikasleek eta hezitzaileak osaturiko bizikidetza-talde egonkorrak eginen dira, eta taldeen arteko elkarrekintza mugatuko da
2020/06/18
0-3 zikloa ematen duten haur-eskola publikoak, Hezkuntza Departamentuak finantzatutako Nafarroako haur-eskolak, baimendutako ikastetxe pribatuak eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren mendeko 0-3 urteko ikastetxeak ekainaren 22an, astelehena, itzuliko dira aurrez aurreko irakaskuntza-jarduerara.
Haur eskoletako presentziazko jarduerara itzultzea alarma egoeraren amaieraren eta Nafarroako Foru Komunitatea egoera normaltasun berrira igarotzearen ondorio zuzena da. Une horretatik aurrera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan hartutako neurriek indarrean egoteari utziko diote. Neurri horiek hezkuntza-jarduera presentzial guztia bertan behera uztera behartu zuten, unibertsitateko irakaskuntza barne, baita beste ikastetxe publiko edo pribatu batzuetan emandako beste edozein hezkuntza- edo prestakuntza-jarduera ere.
Hori dela eta, datorren astelehenetik aurrera, 2019-2020 ikasturterako eskola-egutegia bukatu ez den ikastetxeetako presentziazko hezkuntza-jarduera berreskuratuko da. Hala ere, eskolak berriro hasiko dira Hezkuntza Sailak ezarritako eta Osasun Sailak gainbegiratutako higiene-neurriekin, eta 28/2007 Foru Dekretuan adin-tarte bakoitzerako ezarritako gehienezko ikasle-kopuruari buruzko oharrei jarraiki.
Alde horretatik, haur-eskoletan, gehienez ere 8 ikasle finkatu dira urtebeteko unitateetarako; 12 ikasle 1 eta 2 urte bitarteko ikasleendako eta 16 adingabe 2 eta 3 urte bitarteko haurrentzako unitateendako.
Bizikidetza egonkorreko taldeak
Irakaskuntza- eta hezkuntza-lanetan, aglomerazioak saihesteko eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzeko beharrezkoak diren antolamendu-neurriak hartuko direla ziurtatu beharko da. Segurtasun distantzia hori mantendu ezin denean, kutsatze arriskuak saihesteko higiene neurri egokiak hartuko dira.
Haur Hezkuntzako lehen zikloan, neurri horiek ikasleak eta hezitzaileak osatutako bizikidetza egonkorreko taldeak antolatuz gauzatuko dira. Talde horiek ikasgela berean garatuko dute beti beren jarduera, eta taldeen arteko elkarreragina mugatuko dute.
Bizikidetza egonkorreko talde horiek 28/2007 Foru Dekretuak adin tarte bakoitzerako aurreikusitako ikasle gehienekin osatuko dira. Ikasle horiek, irakasleekin batera, sozializatu eta elkarrekin jolas daitezke. Bizikidetza egonkorreko talde horiek ikastetxeko beste talde batzuekiko elkarreragina saihestu beharko dute, ahalik eta kontaktu gehien mugatuz. Hori dela eta, ez da beharrezkoa pertsonen arteko distantzia zorrotz mantentzea. Horrek, gainera, kontaktu azkar eta errazagoak bilatzeko aukera emango du, kasuren bat izanez gero.
Hala ere, neurri osagarri batzuk aurreikusten dira kontaktuak mugatzeko eta prebentzio pertsonala hobetzeko, bai eta ikastetxeko garbiketa eta aireztapenaren arloan ere.
Kontaktuak mugatzea
- Sarrera eta irteera antolatuko dira, pertsonalaren kide batek ikasle bakoitzari bere erreferentzia-gelan laguntzeko, bakarrik joateko autonomoa ez bada.
- Ahal izanez gero, komun bat esleituko da talde bakoitzeko edo birako. Halakorik ezean, garbiketa eta desinfekzioa areagotu eginen dira.
- Ikastetxean joan-etorriak egin behar direnean, taldeak aldi berean joan-etorrietan bat ez etortzeko ordutegia eta antolaketa izango dira.
Prebentzio pertsonaleko neurriak
- Eskuetako higienea (urarekin eta xaboiarekin) areagotzea gomendatzen da, eta honako une hauek ziurtatzea: ikastetxera iristean, doministiku edo hotsa egin ondoren, tokiz edo jardueraz aldatzean, bazkaldu aurretik eta ondoren, komunera joan ondoren eta zikinkeria ikusgarria dagoenean.
- Eskuak maiz ahoan sartzen dituzten haurretan gel hidroalkoholikoa ez erabiltzea gomendatzen da. Kontuz ibili, ez utzi erraz iristeko moduan, norbaitek gainbegiratu gabe.
- Garrantzitsua da haurrak kontsolatzea, eta sarritan beharrezkoa izan daiteke besoetan edukitzea edo haurrekin elkarreragin hurbila izatea, arreta egokia eskaini ahal izateko. Besoetan hartzen direnean edo interakzio estua behar denean, zaintzaileak maskara higienikoa eraman dezake.
- Ez da gomendatzen maskararik erabiltzea ikastetxean, ez eta hiru urtetik beherakoentzat ere (bi urtetik beherakoek ez dute maskararik erabili behar, asfixia-arriskua dela eta), ez eta pertsona ezinduentzat edo mendekotasun-egoeran daudenentzat ere, maskara kentzeko autonomoak izatea galarazten badiete, edo, bestela, jokabide-aldaketak izan eta erabilera egokia eragozten badiete.
- Langileen kasuan, ilea bilduta eramatea eta eraztunak, eskumuturrekoak eta zintzilikarioak ez erabiltzea gomendatzen da.
- Ahal den neurrian, erabili egunero tenperatura altuan garbitzen den laneko arropa.
- Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak jarduera jakin batzuen esposizio-arriskua ebaluatuko du.
Ikastetxearen garbiketa eta aireztapena
- Erraz garbitu edo desinfekta daitezkeen objektuak eta jostailuak erabiliko dira. Peluxeak edo oihalezko jostailuak erabiliz gero, tenperatura altuan garbitu behar dira.
- Aireztapena transmisioa minimizatzeko neurririk eraginkorrenetako bat denez, eta sarri aireztatzea gomendatzen denez, arreta berezia jarriko da ikasle-talde horietan istripuak saihesteko.
- Siestetarako, koltxonetak bi metroko distantzian jartzea gomendatzen da, ikasleak dauden norabidea tartekatuz (burua eta oinak norabide desberdinetan). Maindireak edo burkoak egunero aldatuko dira edo bakoitzak berea erabiliko du, astero gutxienez aldatuz eta zikinak badaude.
- Haur-oihala aldatu ondoren, ikasleen arteko aldagailua desinfektatu egingo da, edo ikasle bakoitzarentzat aldagailu pertsonala erabiliko da.
Hezkuntza-administrazioek bermatu egin behar dute ikastetxeek beren ikastetxeak desinfektatzeko, prebenitzeko eta egokitzeko arauak betetzen dituztela, 21/2020 Errege Lege Dekretuan jasotzen den bezala.