angle-left Nafarroako eTwinning III. Jardunaldiak: proiektua hezkuntza komunitate osora hurbiltzen

Iruñeko Musikaren Hiriak aterpe eman die “eTwinning guztientzat” ekimeneko ekitaldiei

2019/10/30

Hezkuntza etapa guztietako irakasleak bertaratu dira, hau da, Haur Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoak, baita NUPeko Haur eta Lehen Hezkuntzako Maisu-maistra Graduko ikasleak eta Irakasletzako Masterrekoak ere. Topaketa honen xedea izan da denei erakustea eTwinning-a guztientzat dela: etapa guztientzat, irakasle guztientzat, ikasle guztientzat, ikastetxe guztientzat.

Hezkuntzaren eta Lanbide Prestakuntzaren Ministerioko Hezkuntza Teknologietako eta Irakasleen Prestakuntzako Institutu Nazionalaren barrenean dago eTwinning Laguntzako Zerbitzu Nazionala. Bertako aholkularia den Juan Carlos Garridok zenbait gairi heldu zien bere mintzaldian, hala nola programa europar honen jatorriari, eTwinning proiektuetan parte hartzeko baldintzei eta haiek garatzeko gai, metodologia eta espazioei.

Tuterako Huertas Mayores HLHIPko zuzendari Alfredo Huguetek kontatu zuen nola eTwinning proiektuek beren lekua duten ikastetxe horretako Urteko Plan Orokorrean eta Curriculum Proiektuan, eTwinning-ek ederki erantzuten dielako beren metodologiari, Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntzan oinarritua baita.

Ikusgai jarritako bideoetan ikasleek azaldu zuten gelan zer eTwinning proiektu garatu dituzten eta zertan den onuragarria eTwinning-ekin lan egitea. Jarraian, Euskadiko enbaxadoreak mintzatu ziren: Amaya Alonso (Etxebarriko Etxebarri BHIkoa) eta Karmele López (Basauriko URBI BHIkoa). Haien azalpenaren muina ele anitzeko proiektuen garapena izan zen: nola gauzatu eTwinning proiektu bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Berriz, María Napalen eskutik, parte-hartzaileek jakin zuten esperientzia pilotu baten berri: nola erabiltzen duten eTwinning Haur eta Lehen Hezkuntzako Maisu-maistra Graduko eta Irakasletzako Masterreko ikasleekin.

Egunaren bigarren zatiari hasiera eman zion Elena Osésen azalpenak (Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuko Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atala. eTwinning enbaxadorea). Etorkizuneko ikasgelari buruz mintzatu zen (Future Classroom Lab, FCL): nola birpentsatu espazioak, denborak, edukiak, gaitasunak, XXI. mendeko eskolako erronkei erantzuteko.

Pedro Ortegak (eTwinning enbaxadorea eta Miranda Argako San Benito HLHIPko irakaslea) aztertu zuen zein diren enbaxadoreen zereginak, Nafarroako eTwinning sarearen gaineko xehetasunak eman zituen eta aitortza egin zien azken ikasturtean kalitate zigilu nazionalarekin saritu diren guztiei.

Juan Peñasek (Ablitasko San Babil HLHIPkoa eta eTwinning enbaxadorea) parte-hartzaile guztiak dinamizatu zituen Escape Green Room batekin.

Escape Green Room-aren ondotik, parte-hartzaileek gehien interesatzen zitzaiena hautatu zuten etapakako jardunbide egokien lantegien artean. Hauek izan ziren lantegi horietaz arduratu ziren irakasleak:

● Haur Hezkuntza: Marisol Montañés, eTwinning enbaxadorea, eta Marisa Garde, Tuterako Huertas Mayores HLHIPkoa.

● Lehen Hezkuntza: Aránzazu García Bernal, Burlatako ''Hilarión Eslava'' HLHIPkoa, eta Pedro Ortega, eTwinning enbaxadorea eta Miranda Argako "San Benito" HLHIPkoa.

● Bigarren Hezkuntza: Karmele López de Abetxuko, Basauriko URBI BHIkoa.

● LH: Miren Miqueo, Tafallako LHIkoa; Arantxa Artuch, Cuatrovientos Institutukoa, eta Carlos Chavarren, Irunberriko IBPkoa eta eTwinning enbaxadorea.

Jardunaldiari gai desberdinetako lau lantegik eman zioten amaiera:

● Lehen urratsak eTwinning-en: Isabel Canal, eTwinning enbaxadorea eta Iruñeko Jesuitinas fundaziokoa, eta Elisa Echenique, Hezkuntza Departamentuko Europako Proiektuen Bulegokoa.

● eTwinning proiektu baten Twinspace-a: Juan Peñas, eTwinning enbaxadorea eta Ablitasko San Babil HLHIPkoa.

● IKT tresnak eTwinning proiektuetan: Izaskun Jorajuria, Iruñeko Iturrama BHIkoa, eta Marisol Montañés, Tuterako Huertas Mayores HLHIPkoa, eTwinning enbaxadoreak, biak.

● Ikasle guztiendako diziplinarteko inklusio proiektuak: Aurea Garde, Iruñeko Julio Caro Baroja BHIkoa, eta Amaya Alonso, Etxebarriko Etxebarri BHIkoa, eTwinning enbaxadoreak, biak.

Antolatzaileek hauen engaiamendua eskertu zuten, programaren aldera agertu duten ahalegin eta arduragatik: Ignacio Catalán, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria; Elisa Echenique, Hezkuntza Departamentuko Europako Proiektuen Bulegokoa, eta Euskadiko eta Nafarroako eTwinning enbaxadoreak.