angle-left Nafarroako ahozko tradiziotik bildutako haur kantak eta kontuak guztion eskura jarri ditu Hezkuntza Departamentuak Xaldun Kortin webgunean

2020/12/23

Olentzerok opari ederra ekarri die aurten 0-6 urte bitarteko haurrei eta haien guraso nahiz irakasleei: Xaldun Kortin webgunea. Gune horretan, Nafarroako ahozko ondaretik jasotako kontuak aurkituko ditu erabiltzaileak: abestiak, jolasak, formulak, ipuinak eta haur hizkeraren hiztegia. Mendez mende eta ahoz aho etxeetako sukaldeetan transmititu den ondare hori guztion esku jarri du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, Euskara Atalaren ekimenez eta xaldunkortin.educacion.navarra.es helbidean aurkituko du erabiltzaileak.

Webguneko atal nagusia (kantuak eta kontuak) hamar azpiataletan antolatuta dago: eskuekin eta behatzekin jolasteko, hankekin jolasteko, laztantzeko eta mina arintzeko, trostan ibiltzeko, lokartzeko, zotz egiteko, oroimena lantzeko, egoera ezberdinetarako jolasak eta esamoldeak, taldean jolasteko eta noiznahi kantatzeko.

Bilduman jaso diren kantu, formula eta jolasak etxez etxe bildu ziren Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea, Ultzama, Sakana eta Pirinioetako herrietan, bertzeak bertze. Testu idatzia ez ezik, wegunearen erabiltzaileak bideo grabazioak eta Nafarroako hainbat eskolatako haurrek grabaturiko abestiak topatuko ditu. Ahozko tradiziotik bildutako ondarea euskara hutsean badago ere, abesti, jolas eta gainontzeko kontuen gaineko azalpenak gaztelaniaz eta frantsesez ere badaude, euskara ama hizkuntza ez duten guraso eta hezitzaileek nola erabili jakin dezaten. Porrotx pailazoak haurrekin egindako grabazioak ere lagungarri izanen dira webgunean bildu diren baliabide guztiak ikasgelan nahiz etxean erabiltzeko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean ageri den ondarearen bilketa duela urte batzuk hasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, zenbait udal erakunderekin batera, eta gero Euskokultur Fundazioaren bultzada jaso zuen. Maite Lakar Iraizoz (Elizondo, 1978), Euskokulturreko kide, irakasle eta hizkuntzalaria, herriz herri eta etxez etxe ibili zen urtetan, bertze anitzekin batera, gure aitatxi-amatxien txikitako bizipenak eta kontuak biltzen. Lekukotasun horiek oinarri hartuta, bigarren fasean Xaldun Kortin, jolastu gurekin! argitalpen multimedia prestatzeari ekin zioten Lakarrek berak , Patri Arburuak (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea) eta Itziar Lurik nahiz Gaizka Arangurenek (Labrit Ondarea). Lan hori (liburua, DVDa eta musika CDa) 2014. urtean argitaratu zen lehendabizikoz, eta orain martxan jarri den webgunearen iturri nagusia izan da.

Argitalpen multimedia hartan jaso ziren kontuez gainera, orain arte argitaratu gabe zegoen Ane eta ohe hegalaria antzezlana ere ikus daiteke webgunean. Antzezlana Euskarabidearen ekimenez taularatu zen bere garaian Xaldun Kortin, jolastu gurekin! egitasmoan bildutako edukiak ezagutzera emateko.

 

Euskara, etxeko sutondotik kultura digitalera

Mendeetan euskara eta euskal kultura familiaren bitartez transmititu dira. Administrazioan, eskolan eta prestigiozko bertze eremuetan bazterturik egon dira, eta etxeko sutondoan topatu dute babeslekua. Gurasoek eta, oro har, etxekoek trasmititu dizkiete gure hizkuntza eta kultura ondoko belaunaldiei.

Zorionez, azken hamarkadetan euskarak bidea egin du zenbait esparru formaletan. Hezkuntza arautuari dagokionez, Nafarroan aurten eskolatu diren neska-mutikoen hamarretik hiruk D ereduan (euskarazkoan) ikasiko dute eta bik A ereduan (euskara ikasgai gisa). Nafarroako eskualde gehienetan ikasleak euskarazko ereduetan eskolatzen ahal badira ere, familia bidezko transmisioak garrantzi handia izaten jarraitzen du, eta zer erranik ez interneten euskarazko edukiak denon eskura izateak.

Euskara Atalak lehendik ere erabakia zuen baliabide didaktikoak sorrera eta digitalizazioa izanen zela etorkizuneko lan ildo nagusietako bat. Euskararen Irakaskuntzarako Baliabideen Zentroaren prestakuntza jarduera gehienak online dira, eta azken urteotan urrats gehiago egin ditu baliabide didaktikoak sortu eta zabaltzeko. Horrela, 2017-18 ikasturtean Eskolako LIteratur Kanona egitasmoa jarri zuen abian, urtero garatzen eta osatzen ari dena. 2019-20 ikasturtean Adi Adi entzungai errazak sortu eta sareratu zituen, eta aurten bertze horrenbertze egin du Irudi biltegiarekin. Mikel Santos Belatz irudigilearen 210 marrazki irakasle guztien eskura jarri ditu Euskara Atalak EIBZren webgunean, ikasgelan ahozko elkarrekintzak errazteko asmoz.

 

Horrez gainera, aurreko ikasturtean A ereduaren bloga goitik behera berritu eta baliabide eta proiektu berriz hornitu zuen Izaskun Fernandez de las Heras irakasle eta prestatzaileak. Ahozkotasunaren irakaskuntzan erreferentziazkoa den Ahozko Hizkuntza Irakastea sitesa ere etengabe eguneratzen eta osatzen du Yolanda Olasagarre EIBZko adituak, eta Motibazioa Sustatzeko Bideak blog berritua ere laster izanen da ikusgai.

 

Erran bezala, premia hori lehendik ere antzematen bazen ere, Covid-19ak sortutako egoerak are agerikoagoa egin du, Marian Antoñana Euskara atalburuak nabamendu duenez: “Euskarazko edukiak eta baliabide didaktikoak digitalizatuta eta sarean, irakasle eta herritar guztien eskura, izatea funtsezkoa da. Batetik, etxe eta ikasgela guztietara iristeko modu eraginkorrena delako, pandemiak eragindako itxialdian ikusi genuen bezala, eta, bertzetik, jakina delako zer nolako pisua duen kultura digitalak gaur egungo gizartean, batez ere gazteen artean, eta nahitaezkoa delako euskara hor txertatzea”.

 

Garai batean sutondoan ematen zen hizkuntza transmisioa mundu digitalera ekartzea eta, modu horretan, irakasle nahiz gurasoei transmisio hori erraztea. Horra hor Xaldun Kortin webgunea abian jartzeko arrazoi nagusiak. Webguneari esker, aurrerantzean Nafarroako ahozko ondarearen altxor hori herritar guztien eskura egonen da. Transmisioaren katea ez dadila eten, gaur egungo eta etorkizuneko umeek ere deskubri eta goza ditzaten hitzaren poza eta musika.