angle-left Mahai sektoriala elkartu du Hezkuntzak hurrengo LEPari buruz aritzeko

Haur eta Lehen Hezkuntzan 73 plaza aterako dira, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, aldiz, Ministerioak zenbakia zehazteko zain dago Departamentua

2017/09/10

Hezkuntzako mahai sektorialean ordezkaritza duten sindikatuei hurrengo Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) proposamena luzatu die Hezkuntza departametuak. Era berean, 2015ean iragarri, baina atera ez ziren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 73 plazak ere deituko ditu departamentuak, bestela martxoan galdu egingo baitira. Aldiz, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan zenbat plaza aterako diren zehazteke dago, Ministerioak oraindik ez baitu jakinarazi baimentzen duen birjartze tasaren zenbatekoa.

LEPak 10 espezialitate bilduko ditu Bigarren Hezkuntzan: Ekonomia, Heziketa fisikoa, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia, Informatika, Ingelesa, Esku hartze sozio-komunitarioa, Gaztelania eta literatura, Matematika, Orientazio hezkuntza eta Teknologia. Lanbide Heziketan, berriz, Instalazio elektroteknikoak, Mekanizatua eta makinen mantenua, Operazioak eta nekazaritza tresnen ekoizpena, Sistemak eta informatika aplikazioak eta Osasun eta laguntza prozedurak. Bakoitzetik gutxienez 6 plaza deituko dira, hizkuntza bakoitzeko.

Otsailean egitekoa den ikuskarien deialdiaz ere jakinarazi zaie sindikatuei. Guztira 14 plaza aterako dira;  euskaraz eta gazteleraz, zazpina.

Plaza kopuruaren zenbatekoa zein forotan erabaki beharko den ere jarri da mahai gainean. Funtzio Publikotik aditzera eman denez, Mahai Orokorrak hartuko du erabakia. Hala ere, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak azaldu du mahai sektorialaren iritzia ezagutu nahi duela, haiek baitira langileen zuzeneko ordezkariak.

Departamentuak aurreratu duenez, hurrengo lan eskaintza publikoari begira zerrenda bakarraren proposamena aztertzen ari da. Izan ere, Nafarroa da hezkuntzako langileak hizkuntzaren arabera bereizten dituen erkidego bakarra, hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten gainerako erkidegoetan ez bezala; are gehiago, Nafarroako gobernuko gainerako departamentuetan ere ez da horrelakorik egiten. Departametuaren asmoa da irakasle taldeko zerrenda bakarra izatea, hautagai bakoitzaren hizkuntza eta prestaketa guztiak aintzat hartuko dituena. Hala ere, Mahai sektoriala osatzen duten sindikatuen iritzia ezagutzeko eztabaida sustatu nahi da, eta ikuspegi tekniko eta juridikoan lanean segitu.

Bestalde, Departamentuak hutsik ziren plazen banaketaren berri eman die langileen ordezkariei. Hala bada, formazio didaktiko-pedagogikoa ez izateagatik kanpoan geratu ziren eta errekurtsoa jarri eta aintzat zaienen artean, 24 pertsona onartu dira atzera ere zerrendan eta irailaren 1ean telematikoki egindako plazen banaketan guztiek lortu dute plazaren bat.

Azkenik, Hezkuntza departamentuak azaldu du era telematikoan egindako 4 deialdietan 729 plaza banatu direla abuztuko azken astea eta irailaren 6a bitartean. Hoiei ekaineko emate-deialdian banatutako 2250 plazak gehitu behar zaizkio.