angle-left 1.200 irakasletik gora ari da hezkidetza arloan formazioa egiten SKOLAE programari esker

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak esker oneko hitzak izan ditu irakasleekin hezkidetza programa honetan erakutsitako disposizio eta parte hartzeagatik

2018/09/20

SKOLAE programaren formazio jardunaldiak hasi dira gaur. Nafarroako 100 eskolek parte hartuko dute, publikoak zein funts publikoz finantzatutakoak. Guztira, Nafarroako 1.200 irakasle izanen dira. SKOLAE programa Hezkuntza Departamentuak diseinatu du parekidetasuna eta hezkidetza nafar hezkuntza sisteman txertatzeko. Solana kontseilaria lehen lan-saioan izan da irakasleei eskertzen hezkidetza eta berdintasun aferetan adierazitako interesa eta parte hartzea.

Iragan ikasturtean 16 zentrotan egin zen programa honen pilotatzea. Hezkuntza ziklo guztietan burutu zen esperientzia: bai 0-3 urteko geletan, bai Batxilergo edo Goi Mailako Lanbide Heziketan. Aurten, beste 100 ikastetxe batu zaizkio programari, ziklo guztietarikoak, publikoak zein itunpekoak. Gauzak horrela, 2018-19 ikasturtea, gaur arratsaldean Medikuen Kolegio Eraikinean, formazioa hasi duten 1.200 irakaslerekin abiatu du SKOLAE programak. Han izan dira Maria Solana Arana Hezkuntza Kontseilaria eta Roberto Perez Elortza zuzendari orokorra.

Irakasleek aurrez aurreko formazioa jasoko dute eta, kurtso osoan zehar, online trebakutzarekin osatuko dute. Zentro bakoitzak erabaki du zenbat irakasle jarri lan honetan eta zenbat tutoretza bideratu, zein izanen den zentroko talde-sustatzailea, diagnosia eginen duen arduraduna eta zentroak izanen duen hezkidetza plana nork osatuko duen. Plangintza horretan jasota egonen dira hobekuntza orokorrak liburutegirako, espazio komunetan, patio eta jolas-lekuetan, hizkuntzaren erabileran, webean jarriko diren irudietan, besteak beste.

Gaur hasitako trebakuntza saioan, Solana kontseilariak eskertu egin die trebakuntza saiora gehitu diren irakasleei eta hurrengo saioetara gehituko direnei erakutsitako elkarlana eta inplikazioa, “Nafarroako ikasleek berdintasunean bizitzeko beharrezko gaitasunak gara ditzaten”. Skolaek gaitasun hori definitu egin du gure ikasleek euren bizi-proiektu propioa hauta dezaten, aniztasunetik, genero baldintzarik gabe, desberdintasuna identifikatzen jakin dezaten, euren kontra egiten jakin dezaten eta euren berdintasun eskubideaz balia daitezen, kultura, erlijio, gizarte klase edo egoera funtzionala dena delakoa izanda ere.

 
 

 

“Askotan esan izan dugu, eta esaten jarraituko dugu: ardura dudan Departamentua lanean ari da eta hala egiten jarraituko du, era aktiboan, hezkidetza eskola eredu baten alde, baina ez kapritxoz, baizik eta legeak agintzen duelako eta hala sinisten dugulako”, adierazi du Hezkuntza kontseilariak. Izan ere, Skoale abiarazi baino lehen, “ez zegoen modurik baieztatzeko hain zabala den legedi eta arauekin betetzen ote zen; administrazioari hezkuntza arloan emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde lan egin dezan agintzen dion araudia”, gehitu du Solanak. Skolae programak “orokortasun eta abstrakziotik harago formula zehatz eta esplizituak proposatzen ditu, hezkuntza kudeaketaren esparru asko barne hartuz, material didaktikoekin,egitura eta pertsonekin erabiltzeko neurriekin, pertsonen gaitasunarekin, hezkuntza ikuskaritzarekin eta genero indarkeriaren kontra ekiteko neurriekin, besteak beste”, azaldu du kontseilariak.

Roberto Perez hezkuntza zuzendari orokorrak, bestalde, nabarmendu du Skolae ez dela bulego batean asmatutako curriculum proposamena, “baizik eta adituekin, pilotatzean parte hartu duten ikastetxeekin eta Departamentuko teknikariekin elkarlanean landutakoa. Eta hala izaten jarraituko du, datozen urteetan programa gehitzen joan diren ikastetxeetan parte hartzen duten irakasleen esperientziekin osatzen eta hobetzen joango dena”. “Justifikazio soziala daukagu lan hau aurrera eramateko. Hezkuntza sistemak aurrera eramango duen aldaketa izango da, ala ez da izango”, gehitu du.

Ikasturte honetan irakasleak Skolaeren lau ardatz nagusien irakaskuntzan barneratuko dira: kritika eta ardura desberdintasunen aurrean; autonomia eta independentzia pertsonala; lidergoa, ahalduntzea edo parte hartze soziala; sexualitatea eta tratu ona, Osasun publikoko Institutuarekin koordinatuta. Irakasleek euren gaitasunak garatzeko aukera izango dute hezkidetzan jarduteko eta ikasleekin landu beharreko kontzeptu eta materialak erabiltzen ikasteko. Hala, programak 220 fitxa proposatzen ditu gelan erabiltzeko, ikasturteka antolatuta.

Hezkuntza departamentuak iragarri zuen Skolae hezkidetza programa datozen hiru urtetan ezarriko duela Nafarroako ikastetxe guztietan. Horretarako irakasleak trebatzeko bi ikasturte izango dira, ikasle guztiek Skolaeren edukiak ikas ditzaten bermatzeko

Kontaktua: Hezkuntza Kabinetea