Lehen Hezkuntzako 2.100 ikasletik gora parte hartzen ari dira Euskaraz solas eta jolas mintzapraktika tailerretan - Lehen Hezkuntzako 2.100 ikasletik gora parte hartzen ari dira Euskaraz solas eta jolas mintzapraktika tailerretan - Dpto
2021/01/11
Hilaren 11n berriro hasiko dira Euskaraz solas eta jolas tailerrak A eta D ereduetako Lehen hezkuntzako ikastetxeetan. Urtarriletik martxora bitarte esleitu diren txandetan 22 ikastetxe publiko nahiz itunduko 48 ikastaldek hartuko dute parte, guztira 1.024 ikaslek. Udazkeneko txandetan bertze 1.094 ikaslek parte hartu zuten Nafarroako Hezkuntza Departarmentuak antolatutako euskarazko mintzapraktika tailerretan.
Ekimen honek D eta A ereduetako ikasleen ahozko euskara hobetzea du helburu, jolas giroko jarduera eta talde dinamiken bidez. Astebetez, ikastalde bakoitzak hezitzaile baten bisita jasotzen du. Horri esker, ikastaldeak erdibitu egiten dira; horrela, tutorea ikasleen erdiarekin gelditzen da, eta hezitzaileak beste talde erdia hartzen du. Ikasle kopurua erdira jaistean, euskaraz mintzatzeko aukera gehiago dute ikasleek, jakina baita talde kopurutsuetan zailagoa dela ahozkotasuna lantzea.
Solas eta jolas tailerrek azken urteotan Arantzan eta Beintzan egin izan diren Euskaraz bizitzeko egonaldiak ordezkatu zituzten. Egonaldiek euskara eskolaz harago eramateko helburua dute, baina 2020-21 ikasturtean ezin izan dira egin, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Euskaraz bizitzeko egonaldiak bertan behera gelditu ziren 2020ko martxoan, eta ikasturte hasieran, dena zen zalantza eta oztopo.
Hala ere, helburu garbia zuen Marian Antoñana Euskara atalburuak: “Argi zegoen pandemia egoeran ezin genituela euskarazko egonaldiak egin aterpetxeetan, baina aldi berean oso argi genuen ahozko euskara indartu behar genuela eskoletan. D eta A ereduko ikasle gehienentzat, eskola da euskara ikasteko eta erabiltzeko gune nagusia eta, batzuetan, ia bakarra. Udaberriaz geroztik aurrez aurreko eskolarik gabe zeudenez, euskaraz mintzatzeko askoz ere aukera gutxiago izan zuten ikasleek”.
Euskarak arnasguneak behar ditu eta irakasleek ere arnasa hartzea merezi zuten, ikasturte hasiera oso konplikatua izan baitzen. Hortik sortu zen ideia: ikasleak ezin baziren Arantza eta Beintzako atepetxeetara joan, hezitzaileak joanen ziren eskoletara. Deialdia egin zen irailean, eta ikastetxeen eskaerek aurreikuspen guztiak gainditu zituzten. Tamalez, ezin izan ziren eskaera guztiak onartu. Hezitzaile taldeak hartzen ahal zituzten ikastalde guztiei eman zitzaien baiezkoa: 19 ikastetxeko 53 ikastalderekin aritu ziren urritik abendura bitarte.
Hasierako beldur eta zalantzen gainetik, tailerrak aparteko arazorik gabe eta emaitza onekin egin dira. Mikel Albisu programaren koordinatzaileak nabarmendu duenez, hizkuntza eredu bakoitzean xede bati eman diote lehentasuna: “D ereduan mintzapraktika izan da helburu nagusia. A ereduan, hizkuntza maila apalagoa izatean, hizkuntza motibazioan eta atxikimenduan jarri ditugu indarrak, ikasleek gure hizkuntza eta bizipen pozgarrien arteko lotura egin zezaten”.
Txandak esleitzerakoan, lehentasuna izan dute ikastetxe publikoek (txanden %80 osatu arte). Iruñerriko ikastetxeek lortu dituzte txanda gehien, bertan daudelako ikastetxe handienak eta gela kopurutsuenak. Hala ere, Euskaraz solas eta jolas Nafarroako eskualde askotara iritsiko da, Beratik Tuterararaino, eta Lizarratik Zangozaraino, Tafallatik pasatuz.