angle-left Eskolara joaten hasi dira gaur Nafarroara bakarririk iritsi diren adingabeak

Hezkuntzako eta Eskubide Sozialetako departamentuek baterako harrera-prozedura diseinatu dute bakarrik dauden adingabeen hezkuntzari eta gizarteratzeari lehentasuna emateko

2019/01/10

 

 
 

Hamasei urte eta hamazazpi urte eta erdi bitarteko adina dute, gehienak marokoarrak dira jatorriz (baten bat Ghanakoa edo Eritreakoa den arren) eta, den-denak, 24ak, mutilak dira. Nafarroara bakarrik iritsi dira, ezein helduren laguntzarik gabe, eta ez dituzte ezagutzen bertako hizkuntzak. Kolektibo hau behar bezala artatu ahal izateko, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuek baterako jardunbidea diseinatu dute. Proposamen honen bitartez, hainbat gaitasunen inguruko formakuntza bermatu nahi diete, bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko eta atzerriko adingabe hauei egungo gizarteratzea eta geroko laneratzea errazteko.

Gaur, urtarrilak 10, lehen hiru ildoetako eskolak hasi dira: sukaldaritza, instalazio elektrikoak eta ibilgailuen mantentze-lanak. Biltegiko laguntzaileen formakuntzarako programa bat ere abiatuko da.

Bestetik, etengabeko koordinazioan, Eskubide Sozialetako Departamentuak bere gain hartu du adingabe hauen arreta integrala, administrazio-tutoretzaren bitartez eta egun indarrean dauden babes-baliabideetan horien zaintza gauzatuz. Kasuren batean, familia-harrera izan da erabilitako baliabidea, baina kasu gehienetan, adingabeen zaintza egoitza-harreraren bitartez egin da, Foru Komunitateko babes zentroetan.

2018ko irailean, 15 plaza zituen berariazko programa abiarazi zen bakarrik dauden adingabe atzerritarrak artatzeko. Aurten, arreta hori beste 25 adingaberentzako beste programa batez osatzea aurreikusi da: 5 adingabe lehen harreran, eta 20, etengabeko harreran. Alderdi instrumentalei buruzko arretaz gain, arreta psikologikoa eta gizarte eta hezkuntza arlokoa ere eskaintzen da.

Hezkuntza Departamentua adingabeen formakuntzaz arduratu da, eta horretarako, formakuntza soziolinguistikoa eta profesionala uztartzen dituen programa diseinatu du Eskubide Sozialetako Departamentuarekin batera.

Bakarrik dauden adingabeak Gizartean eta Hezkuntzan Txertatzeko Programa

Gizartean, Hezkuntzan eta Lan Munduan Txertatzeko Programa (PISEP), gure Komunitatera iritsi eta bakarrik dauden adingabe atzerritarren beharrezko gizarteratze eta laneratzeari erantzuteko, Eskubide Sozialetako Departamentuak Hezkuntza Departamentuari egindako eskaeraren emaitza da. Hartara, adingabeei gizartean eta lan-munduan txertatzen lagunduko dieten gaitasunak eskaintzea da programa honen helburu nagusia.

Hauexek dira hezkuntza-eskaintza honi atxikitako kualifikazioak: Lorezaintza Nekazaritza-Basozaintzako IIan, Sukaldaritza Burlata IIan, Fabrikazioa eta muntaketa Virgen del Camino IIPan, Biltegiko eragiketak Maria Ana Sanz IIan eta Ibilgailuen elektromekanika Uharte BHIan. Ikasle hauek 8nako taldeetan antolatuko dira.

Ikastetxe guztietan, zuzendariek eta irakasleek argi dute zeintzuk diren kolektibo honen formakuntzari dagozkion lehentasunak:

• Desdoikuntzak gutxitu eta hezkuntza-testuinguru arautuago batera egokitzea edo laneratzea ahalbidetuko duen hezkuntza-formakuntza.

• Gaztelaniari buruzko formakuntza, hizkuntza menperatzea giltzarrizkoa baita gizartean nahiz kulturan sartzeko.

• Lehen mailako kualifikazio profesionala.

• Gizarteko zein autonomia pertsonaleko trebetasunei buruzko gaikuntza espezifikoa.

• Lan orientazio espezifiko eta egokitua, adingabeei erabakiak hartzen laguntzeko.

• Harrerako kulturaren ezagutza, eskolaz kanpoko jardueren programazio selektibo baten bitartez.

• Erreferentziazko gertuko familia-ingurunerik gabe egindako migrazio prozesuari atxikitako zailtasunen zaintza espezifikoa, ikastetxeko orientazio-taldeko profesionalen bitartez.

Adingabe hauek ikastetxeetan sartzeko, Hezkuntza Departamentuak kontratazioari dagozkion beharrak estali ditu, irakasleak kontratatzeko zerrendaren prozedurari jarraiki.