angle-left Nafarroako 14 ikastetxe publikok kalitateari sariak jaso dituzte Hezkuntza departamentuaren eskutik

Kalitate sare-kide dira garu egun sare publikoan ari diren ikastetxeen %53. Solana kontseilariak eskertu egin die etengabeko hobekuntza sustatzeko egiten duten ahalegina

2017/12/18

Saritutako ikastetxeetako ordezkaria, Hezkuntza kontseilariarekin eta Zuzendari Orokorrarekin

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eman ditu gaur, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, “Kalitatearekin konpromisoa”, “Kalitatezko Zentroa” eta “Zentroen Bikaintasuna” sariak; Nafarroako 14 ikastetxe publikok kudeaketaren kalitatean egindako urratsak aitortzeko sariak izan dira.

Hiru kategoria horietan saria jaso dute, hurrenez hurren: Haur eta Lehen Hezkuntzako San Babil ikastetxeak (Ablitas), Pitillas ikastetxeak, Francisco Arbeloak (Azagra), San Donatok (Etxarri-Aranatz) eta Julian Gayarrek-Erronkari DBH zentroak eta baita Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialak ere. “Kalitatezko Zentroa” aitortza jaso dute Haur eta Lehen Hezkuntzako Angel Martínez Baigorrik (Lodosa), Huertas Mayoresek (Tutera) eta San Miguelek (Doneztebe). Hirugarrenik, “Zentro Bikaina” saria jaso dute Haur eta Lehen Hezkuntzako Beriain ikastetxeak, Doña Blanca de Navarrak (Lerin), Erreniegak (Zizur Nagusia) nahiz Corellako Alhama eta Iruñeko Julio Caro Baroja institutuek.

Solana kontseilariak hezkuntza kalitatea saritzeko moduko ekitaldien garrantzia azpimarratu du “gizartea eraldatzeko ezinbesteko oinarri baita hezkuntza eta kasu honetan, gainera, kalitatea eta bikaintasuna saritzen dira”. Hezkuntza kontseilariak eskertu egin du “etengabeko hobekuntzan lanean ari diren pertsona eta zentro guztien parte hartzea, kudeaketa errazten duten baliabideen garapenarekiko eta geletan ikasketa modu berrien sustapenarekiko duten konpromisoa”.

Hezkuntza departamentuak, Ebaluazioa eta Kalitatea Atalaren bitartez, kudeaketa sistema propioa garatzen ari da, SGCC 2013 Arauan jasota datorrena. Maria Solana kontseilariak ekitaldian adierazi duenez, Ebaluazioa eta Kalitatea Atalak IKT tresna berriak sortu ditu ikastetxeei kudeaketa lana errazteko eta emaitzak hobetu ditzaten.

KADINET sarea

Urte batzuk igaro dira Nafarroako hezkuntzaren kudeaketaren kalitatea hobetzeko sistemak sustatzen hasi zirela ikastetxe batzuetako zuzendaritza taldeak eta poliki-poliki ikastetxe gehiago joan dira gehitzen sistema horietara, Nafarroako gune geografiko, eskolatze maila eta hizkuntza eredu desberdinetako ikastetxe publikoak. Guztiak gehitu dira KADINET sarera, sare publikoan ari diren ikastetxeen %53, zehazki. Gaur egun diharduten 17 kalitate sareetan Nafarroako 125 ikastetxek parte hartzen dute. Horietako 21ek daukate “Kalitatearekin konpromisoa”, 11k “Kalitatezko Zentroa” eta 33k “Zentroen Bikaintasuna”. Gainera, 76 hezkuntza ikastetxe publikoek gainditu dituzte zerbitzu gutunak.