angle-left Nafarroak LOMCEren indargabetzea eta hezkuntzako lege berria babestu ditu

Solana kontseilaria Hezkuntzako Sektoreko Konferentzian izan da gaur eta LOMCE indargabetuko duen lege aurreproiektuari babesa erakutsi dio, “aspaldi beharrezkoa zen zerbait baita”

2019/01/10

Hezkuntza kontseilaria, Maria Solana Arana, Hezkuntzako Sektore Konferentzian izan da gaur eta bertan “LOMCE legea indargabetu eta estatuko hezkuntza-komunitatearen zati handi baten kontrako erantzuna eta inolako adostasunik erakutsi ez duen arauak sortutako kalteak zuzentzeko pausuak emateko” beharra agertu du.

Orain arte Isabel Celaá, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministra prestatzen ari den lege berriari ekarpenak egiteko aukera izan dute erkidegoek. Solana kontseilariak LOMCE legearen indargabetzea “berehalako” gaia dela agertu du eta bide horretan aurreproiektuak aukera hori zabaltzen duela azaldu du. Honen aurrean, Solanak erabateko babesa erakutsi du nahiz eta, “Nafarroarentzako ez da aurreproiektu ideala: ez da izan beharko lukeen bezain goranahikoa, baina ulertzen dut gehiengoaren adostasuna bilatzea izan dela lehentasuna eta hori kontuan hartzekoa da guztientzako gobernatzen baita”, agertu du.

Alderdi Popularrak 2013an onartutako Hezkuntzaren Hobekuntzarako Lege Organikoa, edo “Wert legeari” dagokionean Solanak adierazi duenez, “LOMCE erabateko traba izan da Hezkuntzarentzat. Denboran atzera egin arazi zigun erabat, eta Hezkuntza Lege eraldaketa honek iraganera eramaten gaituela dirudien arren, aurrera egiten ari gara ordea”.

Bileran izan diren kontseilari guztiek txandaka azaldu dute beraien iritzia. Solanak Hezkuntza Lege Organikoan oinarrizkoak ikusten dituen gaiak aipatu ditu, horien artean hezkidetza eta kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzea, “inor atzean utziko ez duena”. Gainera bere kezka bat agertu du batzuen zentralizatzeko grinez; estatuaren indartzea aipatzen dutenen diskurtsoaren aurrean, “indartu beharrekoa da eskubide estatua eta ongizatearena, autogobernuari eta Nafarroako Foru Erkidegoen eskumenei guztizko errespetua”, aipatu du.

Zentzu horretan, Solana kontseilariak Euskal Autonomia Erkidegoko kontseilari, Cristina Uriarterekin bat egin du; Uriartek, “legean erkidego bakoitzaren hizkuntza propioaren trataera eta erkidego bakoitzaren hezkuntza eskumenak eta bakoitzaren ezaugarriekiko errespetu arduratsua modu garbian jaso dadila”, eskatu du.

Azkenik, “LOMCE lege hark, erabateko desorekak sortu dituen egoera horri aurre egin ahal izateko beharrezko bira ematen dion lema da aurreproiektu hau”, gehitu du.