angle-left Nafarroak, lehen aldiz, prestakuntza espezializatua eskainiko du “LHko masterrean” eta genero-berdintasuneko prestakuntza modularrean

Eskolak urriaren 20an hasiko dira lanbide heziketako sei nafar zentrotan

2021/09/28

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du lehen aldiz Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroak, LHko “master” izenekoak, eta Genero Berdintasuna Sustatzeko prestakuntza modularrekoak eskainiko dituela. Espezializazio ikastaroetan izena emateko eskaerak aurkezteko epea urriaren 4an hasi eta hil bereko 8an bukatuko da.

LHko “master” izenekoetan izena emateko, aukeratutako espezializazio-ikastaroa eskaintzen duen zentroko administrazio-bulegoetara jo edo eman behar da, bai erregistro telematikoaren bidez, bai Hezkuntza Atarian bertan.

Hezkuntza Departamentuko LHko zuzendari nagusiak, Tomás Rodríguez Garrazak, goi mailako tituludunentzako espezializazio ikastaro hauek ezartzen dituen ebazpena sinatu du:

Gehikuntzako fabrikazioa (fabrikazio mekanikoko lanbide arloa; 36 kreditu; Bideko Ama Birjina LHI).
Zibersegurtasuna eragiketa teknologien inguruneetan (elektrizitatea eta elektronika; 43 kreditu; CIP Donapea).
Adimen artifiziala eta BIG Data (informatika eta komunikazioak; 36 kreditu; CI Maria Ana Sanz).
Zelula-laboreak (Kimika; 36 kreditu; CI Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionala).
LHko erdi mailako tituludunentzako espezializazio ikastaroei dagokienez, ikasturte honetarako eskaintza hau izanen da:

Internetera konektatutako sistemak instalatu eta mantentzea (elektrizitatea eta elektronika; 360 ordu; Tuterako CIP ETI).
Talde bakoitzaren ratioa, erdi mailakoa nahiz goi mailakoa, hamabost plazakoa izanen da. Eskatzaile bakoitzak espezializazio ikastaro bakar bati dagokion eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beteta.

Hezkuntza Departamentuak malgutu egin ditu bere prestakuntza ereduak, gaur egungo esparru teknologikora egokitzen diren prestakuntza eta gaitasunak dituzten profesionalen eskaerari erantzuteko. “LHko Master” espezializazio ikastaroak espezializazio maila handiko gaitasun profesionalak lortzera bideratuta daude, Nafarroako produkzio sektoreak eskatu eta asko baloratzen dituenak. Malgutasun hori espezializazio maila handiagoaren beharrarekin bat datozen prestakuntza ereduetan garatu behar da.

Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroak ezartzea Lanbide Heziketa Modernizatzeko Planaren “Digitalizazioa eta Lanbide Heziketa” eremu estrategikoan kokatzen da. Plan hori Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak sustatu du, eta Lanbide Heziketa Suspertzeko, Eraldatzeko eta Erresonentziarako Planaren 20. osagaiaren barruan dago. Ikastaro horiek argitaratu gabeak dira Lanbide Heziketako irakaskuntzen esparruan. Orain arte, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak horietako 15 programatu ditu, eta horiei beste asko gehituko zaizkie pixkanaka.

Izena emateko baldintzak

Espezializazio ikastarorako sarbidea ematen duten Erdi edo Goi Mailako Lanbide Heziketako tituluren bat dutenek eskatzen ahalko dute ikastaroetan izena ematea. Halaber, Erdi edo Goi Mailako Lanbide Heziketako beste titulazio batzuk dituzten ikasleen ikastaroetan izena eman ahal izango da, baldin eta lanpostu guztiak betetzen ez badira sartzeko baldintzak betetzen dituzten inskripzioekin.

Sartzeko baldintzak bete eta espezializazio ikastaro bat gainditzen duenak gainditutako espezializazio ikastaroaren ziurtagiri ofiziala lortuko du, Estatu osoan balioko duena. Espezializazio ikastaro bat gainditzen duenak, sartzeko baldintza gisa ezarritakoez bestelako titulazioak eskuratu baditu, gainditutako moduluak frogatzen dituen ikastetxearen ziurtagiria lortuko du, Nafarroako Foru Komunitatean balioa duena.

Lanbide modulu bakoitzerako onartuen behin-behineko zerrenda 2021eko urriaren 13an argitaratuko da eta behin betiko zerrenda urriaren 18an.

Ikastetxe bakoitzak espezializazio ikastaroko koordinatzaile bat izendatuko du bere irakasle taldeko kideen artetik. Lanbide moduluak lanbide moduluetan irakaslana duten espezialitateetako irakasleek edo irakasle espezialistek emanen dituzte, espezializazio ikastaro bakoitza ezartzen duen Errege Dekretuaren III. eranskinaren A) atalean adierazitakoaren arabera.

“Genero-berdintasunaren sustapena” moduluko eskaintza

Era berean, Hezkuntza Departamentuak, Nafarroan, lehen aldiz, Genero Berdintasunaren Sustapenaren arloko eskaintza modular bat egiten du, batez ere LHko goi mailako teknikari titulu jakin batzuk dituzten eta beren kualifikazioa titulu horretan sartzen ez diren beste gaitasun unitate batzuekin handitu nahi duten pertsonentzat. Horrek enplegagarritasunaren osagarri eta hobekuntza dakar.

Zerbitzu Soziokulturaletako eta Komunitateko Zerbitzuetako LHko goi mailako teknikari titulua duten pertsonentzat da eskaintza hau. Beste edozein lanbide-familiatako LHko goi-mailako teknikari-titulua dutenek eta LHko goi-mailako zikloetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenek ere eman dezakete izena, goi-mailako teknikari-titulurik ez badute.

Hasten den eskaintza modularrak genero-berdintasunaren sustapena izango du ardatz. Eskaintzen diren moduluak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko lanbide kualifikazioaren gaitasun unitateei lotuta daude, eta, interesa duten pertsonen kezken arabera, arlo horretako prestakuntza ibilbidea egin ahal izango dute. Nafarroako Foru Komunitatean aurrekaririk ez duen prestakuntza eskaintza hau CI Escuela de Educadores-Hezitzaile Eskola I.I ikastetxe publikoan emanen da.