angle-left Nafarroa bat dator ikastetxeetan COVID19ari aurre egiteko Osasun publikoko jarduketa koordinatuei buruzko adierazpenarekin

Ikasgeletan maskara janztea nahitaezkoa izanen da 6 urtetik gorakoentzat

2020/08/27

Lurralde arteko Osasun Kontseiluak eta Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak eginiko bileran ikastetxeetan COVID19ari aurre egiteko onartu diren osasun publikoko neurrien alde agertu da Nafarroako Gobernua gaur. Bilera horretan, koronabirusaren transmisioa eragozteko beste neurri batzuen artean, modu koordinatuan erabaki da ikasgeletan maskara jantzita izatea nahitaezkoa izanen dela 6 urtetik gorakoentzat, pertsonen arteko distantzia mantendurik ere.

Bileran, bideokonferentzia bidez, Espainiako autonomia-erkidego guztietako Osasun eta Hezkuntza sailburuak izan dira, eta Osasun Ministroa, Salvador Illa; Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoa, Isabel Celaá; eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikokoa, Carolina Darias. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Santos Induráin Osasun kontseilariak eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak parte hartu dute.

Osasun ministroak adierazi du COVID bidezko kasu positiboen gorakada nabarmena gertatzen ari dela ikasturtea hasi aurreko asteetan, eta gaur onartutako Adierazpenean herrialde osorako osasun publikoko jarduera koordinatuen edukia azaldu du. Egoera horretan, autonomia-erkidegoek babestu dituzten gehienezko prebentzio-neurriak indartuko dira.

Ministerioek eta autonomia-erkidegoek gaur adostutako dokumentuan, 2020-2021 ikasturterako aurrez aurreko hezkuntza-jarduera garatzeko Prebentzio eta Antolaketa Protokoloan definitutako alderdiak jasotzen dira. Protokolo hori Nafarroako Gobernuak egin eta ikastetxeetara bidali du. Erregulazio horretan, zenbait neurri jaso ziren, hala nola aurrez aurreko irakaslanaren aldeko apustua hezkuntza-sistemako maila eta etapa guztietarako, eta lehentasuna eman zitzaien ikasle gazteenei; hezkuntza-jarduera Haur Hezkuntzako bizikidetza egonkorreko taldeetan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan antolatzea; ikastetxe bakoitzean irakasle arduradun bat izendatzea, COVIDekin zerikusia duten alderdiez arduratzeko, edo gaur egun autonomia-erkidegoek berretsitako lan-irizpideak sartzea. Deklarazioak planteatzen du, adibidez, zuzendaritza-koordinazioko bilerak edo ikasleen familientzako arreta telematikoki egin ahal izatea, ikastetxeek hala erabakitzen badute.

Hitzaldian, Santos Induráin Osasun sailburuak Hezkuntza Sailarekin egindako lana nabarmendu du. Lan horri esker, irakaskuntza-jarduerarako protokolo adostuak egin ahal izan dira 2020-2021 ikasturtean, eta, gogorarazi duenez, maskarak nahitaez erabili behar ziren Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera. Sailburuak gaineratu duenez, ministerioek emandako arrazoibideen ondoren, eta irizpide horiek autonomia-erkidego guztientzat berdinak izateko interesa kontuan hartuta, Nafarroak bere gain hartuko du araudi hori, eta ikasturtearen hasiera antolatzeko protokoloetan eta araudian sartuko du.

Bestalde, Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak funtsezkotzat jo du ikastetxeak ikastetxe segurutzat hartzea, nahiz eta Gimenok esan duen ez dagoela “zero arriskuko” gizarte-eremurik. Sailburuak nabarmendu duenez, hezkuntza bezalako oinarrizko eskubide bati buruz gaur onartutakoa bezalako dokumentu batek eskola seguruen ideia hori sendotzen laguntzen du, eta ekitateagatik eta hezkuntza presentzialak dakarren gizarte-desberdintasunaren aurkako borrokagatik ikasgeletara itzultzeko apustu argia egin du. Azkenik, hezkuntza-komunitateak on line irakaskuntzari aurre egiteko egindako ahalegina eskertu du Gimenok, eta irakasleen gizarte-funtzioa aldarrikatu du berriro, esan duenez, hainbat esparrutako langile publiko eta pribatuek konpromiso eredugarria erakusten duten unean.