angle-left Pedro de Atarrabiako ikasleek baratza bat jarri dute martxan

Aurten proiektu berritzaile bezala material berrerabiliekin hiri-baratza ekologiko txiki bat eraiki dugu IESO Pedro de Atarrabia institutuan, D ereduko PMAR 2-ko 7 ikasleen eta hainbat irakasleren artean. Proiektu honen helburu nagusia irakasgai desberdinetako jakintzak modu praktiko eta transbertsal batean lantzeko espazio bat sortzea izan da, bai eta gure elikagaiak ekoizteak dakarren gozamena eta ikaspenak lehen pertsonan bizitzea. Besteak beste gizarte, gaztelania, euskara, matematika, biologia, kimika, balio etikoak, plastika, teknologia eta gorputz heziketako hainbat eduki lantzen ari gara baratza-proiektua ardatz hartuta.

2019/04/10

 

 

Urrian ekin genion proiektuari eta, zerotik hasi ginenez, lehen hilabeteak proiektuaren diseinuari eta oinarrizko egituren eraikuntzari eskaini genizkien: taulenen diseinua, aurrekontua, beharrezko lur bolumenen kalkulua, taulenen eraikuntza,... Puntu honetan aipatzekoa da taulenak Landabeneko fabrika batetik berreskuratutako palot-ak erabiliz eraiki genituela.

 

Behin taulenak eraiki eta lurra prest edukita, abenduan landaketekin hasi ginen: tipulak, erremolatxak, errefauak, urazak, borraiak, ziazerbak, zerbak, babak, ilarrak,... Baratzaren azalera txikia bada ere ondo antolatu genuen denetik pixka bat edukitzeko eta urtarrilean hasi ginen lehenengo uztak biltzen. Geroztik asko izan dira bildutakoak, nork bere etxera eraman dituenak edo denok batera jolastokian sukaldatu eta gozatu ditugunak.

 

Hala ere, proiektua ez da hemen bukatzen, txiki hasi zena ari da handitzen eta baditugu helburu berriak; hurrengo pausoa berrerabilitako pneumatikoak erabiliz lore, sendabelar eta usain-belar lorategi bat eraikitzea izango da eta dagoeneko hasi gara lanean. Honetaz gain beste talde batzuk ere agertu dute proiektuarekiko interesa eta hasi dira beraien ere ekarpenak egiten.

 

Kurtso bukaerara itxoin beharko dugun arren proiektuaren balantze global bat egiteko, dudarik gabe esan dezakegu esperientzia ezinhobea izaten ari dela, bai ikasle eta bai irakasleontzat.