angle-left “Nafarroako Eskolaren historia ilustratua” 1828 eta 1970 urte arteko ibilbidea biltzen duen liburuaren aurkezpena

Guillermo Iriarte Aranaz egileak ikasleen eta irakasleen arteko harremanak nolakoak ziren kontatzen du, bai eta garaiko hezkuntza metodoak, jolasak, zigorrak ere

2019/05/27

Hezkuntza Departamentuan Guillermo Iriarte Aranaz idazleak aurkeztu du “Nafarroako Eskolaren historia ilustratua” liburua. Foru Komunitatean 1828-1970 urte artean hezkuntzak izan duen garapenari eskainitako liburua da. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxartek lagundu dio lanaren hitzaurrean eta gaurko aurkezpenean ere. Biek laburbildu dituzte Nafarroako Gobernuaren liburu honek biltzen dituen ardaz nagusiak. Esate baterako, garai batean irakasleek eta ikasleek zeukaten loturaz mintzatzen da lana, bai eta garaiko hezkuntza metodoez, jolasez edo zigorrez ere.

“Nafarroako eskolaren historia ilustratua” liburuan XIX. mendearen hasiera aldeko denboraldia biltzen da, 1828-1829ko Gorteak, Erresumako azkenak, eta Hezkuntzaren Lege Orokorra, 1970ekoa. Modu horretan, eskola eta hango maisu-maistren azterketa egiten laguntzen du, Erregimen Zaharra erori zenetik Espainian demokraziaren hasierara bitarte, eskolak izandako aurrerapenak, geraldiak eta atzerakadak ulertzen laguntzearekin batera. Garai hartan, Nafarroan, irakaskuntza hezkuntza-politika bereziekin landu zen foru-izaeragatik.

Liburuak garai hartako protagonisten gainean gehiago ezagutzeko aukera ematen du: nolakoak ziren irakasleak eta ikasleak, balio eta ideia nagusiak, haien arteko harremanak, zer eta nola irakasten eta ikasten zen, erabilitako metodoak, sarien eta zigorren sistema, himnoak eta otoitzak, jolasak, katona eta dotrina. Halaber, ondare materiala xehetasunez agertzen da: nolakoak ziren eskolen eraikinak, estufa, idazmahaiak, tinta egitea, arbela eta arbel-ziria, abakoa edo hormako mapak eta ilustrazioak. Horrez gain, Udalek eta Aldundiak Nafarroako herritarren hezkuntzan betetzen zuten lana aztertzen du.

Liburuaren bitartez, egileak eskolaren historiako funtsezko zati bat berreskuratu nahi izan du eta azken uneetan ezagutu zutenei aztertzeko eta oroitzeko aukera eman edota irakurle gazteek eskola garaikidearekin alderatzeko aukera izan dezaten, bizitza, haurtzaro eta eskola-erakundeko beste modu batzuk interpretatuaz.

Liburua euskaraz eta gazteleraz argitaratu da, eta gaurtik aurrera eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren argitalpenen funtsean.

Autorea

Guillermo Iriarte Aranaz Iruñean jaio zen 1948. urtean. Lehen Hezkuntzako irakaslea izan zen 1968tik 1986ra, Nafarroako eta Bartzelonako probintziako herri ezberdinetan. Pedagogia Terapeutikoan diplomatua da, Hizkuntzaren eta Audizioaren Nahasmenduetan espezialista eta Psikologian lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatean. 1986. urtetik 2011. urtera, Eskolako orientatzailea izan zen Nafarroako Gobernuan, ondorengo karguak beteaz: MECeko Orientazioko eta Hezkuntza Bereziko Probintzia Koordinatzailea (1988-1990) eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan (CREENA) arduraduna 1991 eta 2011 artean.

Horrez gain, honako hauek bezalako argitalpenetan ikerketa-lan ezberdinetan hartu du parte: Tailerrak: aniztasunerako metodologia, Madrilgo Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentro Nazionalak saritua; Sukaldaritza-tailerra: diziplina arteko ikuspegia; Arotzeria-tailerra: Elektrizitate-tailerra; Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak gizarteratzeko proiektua; Interakzio eta Autonomia Sozialeko trebetasunak; Hezkuntza-premiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH); Hezkuntza-erantzunerako orientazioak: Unitate Espezifikoak DBHn; koefiziente intelektual altuko ikasleentzako hezkuntza-erantzuna; Portaera desegokia eta hezkuntza-erantzuna Bigarren Hezkuntzan; Hezkuntza-premia larriak eta iraunkorrak dituzten ikasleentzako arreta; eta PCPIE Nafarroan: lan profesionalak eta trebetasun sozialak.

Azken urteetan, artikuluak idazten eta hitzaldiak ematen ez ezik, bilduma etnografikoak eta manualistikoak biltzen ere aritu da. Duela gutxi, haren herriari buruzko liburua argitaratu du: Atzoko Eskola eta Maisuak Cadreitan.