angle-left “HEZKUNTZAN GENERO ESTEREOTIPOAK EZABATZEKO BORROKA” ELKARTEAREN LEHENBIZIKO LAN BILERA

2020/01/09

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak lehen urratsak eman berri ditu Europako lehen KA3 proiektuan, horretan parte hartzen baitu. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko Berdintasun eta Bizikidetza Ataleko bi ordezkarik parte hartu zuten herrialde parte hartzaileen lehenbiziko lan bileran (Frantzia da herrialde koordinatzailea, eta Espainia, Danimarka, Finlandia eta Bulgaria dira herrialde bazkideak).

Lehen KA3 proiektu honetan, helburua da hezkuntzan genero estereotipoak ezabatzeko borroka egitea (Gender Awareness, Tackling gender stereotypes in Education).

Bilera Bordelen izan zen. Bertan, hasierako ideia garatzeko eman beharreko pausoak diseinatu zituzten. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak koordinatuko du herrialde parte hartzaileetan egindako jardunbide egokien bilketa, proiektuaren gaiari dagokionez. Ondoren, jasotako esperientzietan oinarrituta, Copenagueko University Collegeko espezialistek proiektu berritzaile bat diseinatuko dute, eskoletan genero estereotipoen aurka borrokatzera bideratutako jarduerekin (gelako jarduerak, eskolaz kanpoko jarduerak, patioen birdiseinua…).

 

Proiektu hori herrialde parte hartzaile bakoitzeko 5 eskolatan inplementatuko da (aurretik irakasleak prestatzeko prozesua eginda), eta esperientziatik ondorioak aterako dira. Ondorio horiek Sofiako (Bulgaria) European Foundation-ek zabalduko ditu, gero gai horretan interesa duen Europako edozein ikastetxetan errepikatzeko.

 

Proiektuak 3 urteko iraupena izanen du, eta Europako Batzordearekin batera finantzatu da, Erasmus+ programaren bidez.

 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua KA3 taldeko kide izateko hautatu zen, azken urteetan hezkidetzarako izan duen borondate argiari esker; bereziki, SKOLAE programari esker, hezkuntza esparrutik gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko asmoa duena eta UNESCOk berriki mundu mailan saritua.

 

Hurrengo lan bilera Iruñean eginen da, 2020ko irailean.