angle-left Aranguren Ibarreko ikastetxe berria eraikitzeko proiektu lizitazioa argitaratu da

Eraikina Mutiloako udalerrian eraikiko da

2018/09/19

Nafarroako kontrataziorako atarian eskuragai daude proiektu horren erredakziorako baldintzak. Eraikina Mutiloa udalerrian eraikiko da eta proiektuaren garapena urte amaiera alderako izatea aurreikusi du Hezkuntza Departamentuak. Interesa dutenek 30 egun dituzte proposamenak helarazteko.

9.151,06 metro koadroko zabalera duen lursaila Hezkuntzaren eskura jarri zuen Arangurengo Udalak. Izan ere, Mutiloan eraikiko du Departamentuak zentro berria eta horretarako 6,4 milioi euroko inbertsioa eginen du. Ez da, gainera, ikastetxe huts bat izanen, kiroldegia ere eraikitzeko konpromisoa hartu baitzuten Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Arangurengo Alkate Manuel Romerok iragan abuztuaren 31n, hitzarmena sinatu zutenean. Kiroldegia, ikasleen erabilerarako ez ezik, ibarreko herritar guzientzako ere izanen da. Sinaduraren egunean “kudeaketa eraginkorraren eredutzat” jo zuen kontseilariak hartutako erabakia, lanak aprobetxatuta kiroldegia eraikiko delako. Nabarmendu zuenez, Aranguren Ibarreko ikastetxea “beharrezkoa zen inguruak duen hezkuntza beharrei erantzuteko”. Nafarroako Gobernuak zentro horren alde egin du eta, bideratzeko prozesua luzea izan bada ere, “proiektu bakar batean batu dira hezkuntza beharra estaltzeko erantzuna eta ibarrak behar zuen kiroldegiaren eraikitzea”, gogorarazi zuen Solanak.

Departamentuaren eraikitze-ildoaren baitan eraikiko da

Kontratazio atarian hortaz, Aranguren Ibarreko ikastetxe publikoaren proiektua gauzatzeko baldintzak argitaratu dira. Orain arte San Pedro eskolara joaten ziren ibarreko ikasleak. 1981ean eraikitako eraikinak 609 ikasle izan zituen iaz, eta gaurko egunez 670 ume ditu (430 G+A+PAI eta beste 240 D eredukoak). Ondorioz, matrikulazio zenbakien hazkunde aurreikuspenak betetzen dira.

Ikastetxe berriak Haur eta Lehen Hezkuntzako bi lerro oso izanen ditu 2019-20 ikasturtean zehar. Aurrez, esan bezala, proiektuaren erredakzioa egin behar da. Urte amaieran diseinu garatze hori eduki eta ondoren hasiko litzateke eraikitze lanekin.

Eraikin berriak, gainera, Hezkuntza departamentuak ezarri duen eraikitze-ildoa errespetatuko du: autosufizientzian oinarritua eta energia modu eraginkorrean erabiliko duena. Lizitazioan parte hartzeko eskariak eta proposamenak bidaltzeko epea bihar, irailaren 19an, 00:01ean hasiko da eta urriaren 17an itxikoa da, 23:59ean.