angle-left Torre Monreal ikastetxearen azpian nekropolia dagoela baieztatu da

Hezkuntza Departamentuak zentroari jakinarazi dio aurkikuntza horrek ez diola eraginen handitze-lanetarako aurreikusi zen epeari

2019/03/15

 

92 hilobi berri azaldu dira CPEE Torre Monreal ikastetxean Hezkuntza Departamentua egiten ari den handitze-lanen eremuan. Desobiratzea datozen 4 astetan eginen den arren, obrentzako aurreikusitako epeari ez dio eraginen. Izan ere, Hezkuntza hasieratik ari da Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuarekin elkarlanean eta, ondorioz, arkeologia-adituen zereginek ez dute handitze-obren entrega-data atzeratuko.

Horrelako aurkikuntzekin ezusteak izaten dira maiz, Tuterako Torre Monreal ikastetxe inguruan azaldu den islamiar nekropoliaren kasuan bezala. Iragan martxoaren 4an gorpuzkiak zituzten 9 hobi azaldu ziren handitze obraren lehenengo fasean. Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzua ari da lanez arduratzen eta berehala jarri zen Kultura Zuzendaritzako Ondare Historiko zerbitzuarekin harremanetan. Azaldutako lehenengo bederatzi hobiak ikusita, nekropoli baten zatia izan zitekeela adierazi zuten adituek.

Ordutik, elkarrekin koordinatuz jarraitu dute departamentu biek lanean eta ondoko azaleran zulatze-lanak hasi bezain pronto begi bistan gelditu ziren beste 92 hobi berri. Aurkikuntza horrek baieztatu egin du, beraz, nekropoliaren handitasunaz eta okupazioren dentsitateaz adituek zuten susmoa. Hobiak antolatzeko moduak, euren tamainak eta kopuruak berak adierazten dute mende luzetan bertan bizitako biztanleria handiari dagokiola. Esan bezala, indusketa eta hobi-ateratzea eginen da datozen asteotan, Oscar Sola Torres arkeologoaren zuzendaritzapean.

Azaldu diren zeramika piezek eta lurperatzeko moduek, bestalde, La Moreria herriaren nekropolia dela baieztatzen dute, behin-behinean. Auzogune honetan, mendebaldean eta hiritik kanpo, Tuterako konkistaren ondoko urtean musulmanak jarri ziren bizitzen (1120 urtean) eta beraien bizilekua izan zen 1492an kanporatuak izan ziren arte. Duela egun gutxira arte, Tuterako konkistaren aurreko hilerri-islamiarra baino ez zen ezagutzen, Herrerias kalean dagoena, Calahorrako atearen ondoan, hain zuzen ere. Torre Monreal eskolako lanetan egindako hondeaketari esker herri honen hobiratze ohituren inguruko informazio gehiago ezagutu ahal izan dute adituek, konkista ondoren, bertan kokatu baitzen komunitate islamiarra kasik zortzi mendez.