angle-left Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2022-23 Sari Bereziak deitu ditu Hezkuntza Departamentuak

Deialdia gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Nafarroako ikastetxe batean DBHko ikasketak bikain amaitu dituzten ikasleei zuzenduta dago

2023/08/08

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2022-23 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak deitu ditu, ikasturte horretan emaitza bikainekin DBHko ikasketak Nafarroako ikastetxeren batean bukatu dituzten ikasleentzat.

 

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, abuztuaren 8an, eta Espainiako zentroetan DBHko ikasketak egin eta gutxienez azken kurtsoa Nafarroako zentro batean egin duten guztiek parte har dezakete. Sarirako izangaiek batez besteko nota 8,75 izan behar dute Bigarren Hezkuntzako lau urteetan, eta gainera, azken ikasturtean “bikain” nota lortu behar dute Gaztelania eta Literatura (edo Euskara eta Literatura D ereduan), Atzerriko Hizkuntza eta Matematika irakasgaietan.

 

Hautagai gisa postulatzeko, interesdunek beren ikastetxera jo behar dute. Bertan, eskatutako dokumentazioa bihartik aurrera (abuztuaren 9a) eta 2023ko irailaren 8a baino lehen (14:00ak) aurkeztu beharko dute. Ikastetxeek berek bidaliko dituzte agiri horiek Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura. Zerbitzu horrek irailaren 22an onartuko diren pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, eta behin betikoak urriaren 2an, aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

 

Sariak emateko, urriaren 5ean Iruñeko “Basoko” BHIn egingo den idatzizko proba eginen da. Proba horrek hiru ariketa izanen ditu. Lehenengoak testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa egitea eskatuko du (gaztelaniaz edo euskaraz D ereduko ikasleentzat), eta, horrez gain, hizkuntza- edo literatura-gaiei erantzutea. Bigarren azterketan ariketa praktikoak edo matematika-edukiei buruzko problemak ebatziko dira. Azkenik, hirugarren ariketa atzerriko lehen hizkuntzaren gaitasunekin lotuta dago, eta kultura, literatura edo dibulgaziozko testu bat ulertzeko eta idatziz adierazteko lanak egin beharko dira. Probaren azken kalifikazioa hiru ariketetan lortutako batez bestekoaren arabera kalkulatuko da, batetik hamarrera bitarteko puntuazioarekin, eta izangaiek gutxienez bost puntu lortu beharko dituzte proba bakoitzean.

 

Puntuazio handiena lortzen duten hiru pertsonak, azkenik, epaimahaiak sarietarako egiten dituen proposamenak izango dira. Kasu bakoitzean 250 euroko saria emango da. Gainera, ikasle sarituek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionalaren deialdian parte hartu ahal izango dute.