angle-left Sexu-hezkuntza eta ugalketa-eskubideen inguruko prestakuntza saio batean parte hartu du SKOLAEk

Emakumeen Institutuak eta INTEFek antolatuta, martxoaren 1ean egin zen jardunaldia Berdintasun Ministerioan

2023/03/21

Irakasleei zuzendutako ikastaroaren harira egin zen topaketan parte hartu zuten hizlari guztiek sexu-hezkuntza integralari heltzeko beharra azpimarratu zuten. Besteak beste, emozioak, afektuak, gorputzaren ezagutza, identitatea, orientazio sexualen aniztasuna edo adostasuna jorratzea eskartzen du sexu-heziketa geletara ekartzeak. Horiek guztiek hezkuntza-curriculumean sartzea defendatu zuten hizlariek, gure ikasleen sexu-informaziorako iturri bakarra sare sozialak edo Internet izan ez daitezen. Horretarako, beharrezkoa da irakasleak prestatzea eta ikastetxeko hezkidetza-proiektu baten barruan kokatzea.

 

Jardunaldia bi mahai-ingurutan antolatu zen: batak sexu-heziketa haurtzaroan izan zuen gaitzat, eta besteak sexu-heziketa nerabezaroan. 

Toni Morillas Emakumeen Institutuko zuzendariak moderatu zuen lehen mahaia, eta sexu-hezkuntza haurtzarotik lantzeko beharraz, landu beharreko edukiez eta beldurretik urrun dagoen pedagogia garatzeko metodologiaz aritu zen.

 

Amelia Fernández de Monje Arreguik, Hezkidetza Bulegoko buruak, SKOLAE hezkidetza-programa azaltzeaz gain, Haur Hezkuntzako etapan kontuan hartu behar diren gakoak azaldu zituen. Norberaren gorputzaren autoezagutza sustatzeko eta norberaren eta gertuko pertsonen zaintza sustatzeko ezinbesteko ezagutzak zehaztu ziren. Halaber, segurtasun emozionala lantzearen edo jakin-minari leku egitearen garrantzia azaldu zuen, sexualitatea jaiotzetik pertsonaren zati integrala baita.

 

Anna Chillida i Fibla Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko Ikasleen zuzendari nagusiak COEDUCAT sexualitate-programaren edukia azaldu zuen, eta gogorarazi zuen 2019az geroztik, UNESCOk, komunitate zientifikoaren babesarekin, hezkuntzan sexu-hezkuntzari heltzeko eskatu izan duela behin eta berriro. 

 

Raquel Hurtadok, Estatuko Familia Plangintzako Federazioko zuzendariordeak, gogorarazi zuen “ezinezkoa dela sexu-heziketarik ez egitea, etengabe egiten delako. Beraz, galdera hauxe litzateke: zergatik ez da sexu-heziketa modu kontzientean eta behar den bezala egiten? Zergatik ez indarra jarri irakasleen prestakuntzan ikasleekin duten hartuemana eta komunikazioa errazteko?”.

 

Olga Elvira Sierra gizarte-hezitzaileak, psikopedagogoak eta sexologoak sexualitateari eta feminitateei buruzko Diverxas proiektua azaldu zuen. Sexu-heziketari heltzean, ikasleen beharretara egokitzearen eta behar horiei  aurrea hartzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, “ikastetxeek arazoren bat dagoenean bakarrik deitzen diete kanpoko langileei, eta orduan beranduegi da”.


Nerabezaroko sexu-hezkuntzari buruzko mahaian, Carmen Heredero, Estatuko Eskola Kontseilukoa, eta Mª Jesús Jiménez Díaz, Injuveko Berdintasun Unitateko burua, izan ziren.

 

Hitzaldi horretan, hizlariek sexu-heziketarik ez egitearen ondorioetan jarri zuten arreta. Nerabezaroan eta gaztaroan pornografiaren erabilerari buruzko 2020ko Save the children azterlanetik abiatu ziren, eta bertan jasotzen diren alderdi batzuk nabarmendu zituzten. Beste datu batzuen artean, txostenak erakusten du gazteen erdiak baino gehiagok beren sexu-praktiketarako pornoa dutela erreferentzia gisa, edo gehienetan emakumeak objektu gisa erabiltzen duen eta emakumeen mina erotizatzen duen pornografia bortitza kontsumitzen dela. Azpimarratu zuten arazo nagusia sexu-heziketarik ez egotea dela.

 

Partehartzaileek adierazi zutenez, batzuetan, ikasgeletan sexu-heziketa egiten denean, ikuspegi oso jakin  batetik egiten da, ugalketan jartzen da arreta, harreman heterosexualeko eredua baino ez da aurkezten,  sexu-transmisiozko infekzioen prebentziotik jorratzen da eta guzti honek ez du ikasleen interesik pizten. Beharrezkoa da ikasleekin hitz egitea, haiei arreta jartzea, solastea eta espazioak sortzea sexualitateari buruz dituzten beharrei eta kezkei aurre egiteko.


Jardunaldia amaitzeko, Ángela Rodriguez Pam Berdintasunerako eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Idazkariaren eta Lucas Platero irakasle eta ikertzailearen arteko solasaldia izan zen.

 

Ángela Rodriguezek Espainiako emakume gazteen sexualitateari buruz Berdintasun Institutuak 2022ko urrian egindako azterlanaren emaitzetako batzuk aipatu zituen, hala nola, gazteen % 34,8k ez duela inoiz inolako sexu-heziketarik jaso, gazteen % 57,7k adierazi duela sexu-goserik edo desiorik gabeko beste pertsona batekin sexua izan duela, edo emakumeen % 67,4k gune publikoetan iruzkin sexista desegokiak jaso dituela.

 

Nabarmendu zuenez, gure gizartean aldaketa kultural garrantzitsua gertatu izan da genero-indarkeriari buruz dugun kontzientziari dagokionez, baina oraindik ez da aldaketa kulturalik egin sexualitateari dagokionez. Amaitzeko, sexuari buruz hitz egiteko deia egin zuten, ez bakarrik ikasgeletan, baita gizartean ere.