SKOLAE, Bestelako pedagogiak, berdinatasunean hezteko (trans)formazioak kongresuan - SKOLAE, Bestelako pedagogiak, berdinatasunean hezteko (trans)formazioak kongresuan - Dpto
2022/11/21
Mauro Moschetti, moderatzailea, Katy Pallès,Coeduca’t programako teknikaria, Arantxa Agirreurreta, SKOLAEko aholkularia, Amelia Fernández de Monje, Hezkuntza departamentuko Hezkidetza Bulegoko burua, eta Montserrat Payés, Coeduca’t programako burua.
Universitat Autònoma de Barcelonak (UaB) antolatutako kongresuan, “Curriculuma genero ikuspegiaren arabera eraldatuz: hezkuntza politikak Nafarroan, Katalunian eta Eskozian” mahai-inguruan parte hartu zuten Amelia Fernández de Monjek eta Arantxa Agirreurretak, Hezkuntza departamentuko Hezkidetza Bulegoko buruak eta aholkulariak, hurrenez hurren, joan den azaroaren 3an. Eztabaida Bestelako pedagogiak, berdinatasunean hezteko (trans)formazioak izenburupeko biltzarrean izan zen. Ikerlariak, irakasleak, erakunde publikoetako ordezkariak, teknikariak eta, oro har, hezkuntza alorrean lanean ari diren denetariko eragileak bildu ziren topaketara. Han, SKOLAEko ordezkariekin batera, mahai-inguru beraren bueltan, Departament d’Educació-ko Coeduca’t programako kideak, Katy Pallàs eta Montserrat Payès, eta Glasgow-ko Universty Strathclyde-ko Yvette Taylor egon ziren.
Mahai-inguruan, LOMLOEren curriculumeko hainbat atal eta osagai aletu eta aztertu ziren, hezkidetza eta berdintasunaren osagaiez eta alderdiez ohartarazteko. Horrez gainera, hezkidetzara eta genero-berdintasunean irakasleak prestatzeko programak, hala nola SKOLAE edo Coeduca’t, deskribatu ziren, eta haien garapena eta bilakaera aztertu ziren. Hizlariak bat etorri ziren, eta guztiek azpimarratu zuten ikasgelako programazioan joera sexistei eta bestelako diskriminazio-moduei aurre egiteko ezagutzak eta ikaskuntza egoerak sartzea bermatzen duela araudi berriak.
Nafarroako curriculumean, “zainketaren etika, genero-indarkeriaren gaitzespena, berdintasunaren aldeko ekintzarekiko konpromisoa, ikasgaietan erreferente diren emakumeen ikusgarritasuna, genero-ikuspegia ikasgaietan, hala nola matematikan, sartzea, sexu-hezkuntza…” jasotzen direla zehaztu zuen SKOLAEko teknikariak. Zentzu horretan, araua “esplizitua eta argia” da, baina “curriculum ofizialaren eta ikasgelako errealitatearen artean eten izugarria egon daiteke. Irakasleak, gure lurraldean egunero geletan dauden 8.000 irakasle horiek eramaten dute aurrera curriculuma. Legeek diotena geletara eramatea, neurri handi batean, curriculumaren ulermenaren baitan egongo da”.
Gauzak horrela, “eskola mistoa eskola hezkidetzailea bihurtzeko, ikastetxean egitura egonkorrak sortzearen eta irakasleak prestatzearen aldeko apustua egin behar da. Modu isolatuan egiten den ikastaro bat baino gehiago, prestakuntza-plan trinkoa behar da, bakarka nahiz taldeka, ikastetxean, garatuko dena, sakontze-mailak ezarriko dituena eta ikasitakoa finkatzeko eta sistematizatzeko aukera emango duena”, azpimarratu zuten Hezkuntza departamentuko ordezkariek.
Horri dagokionez, ez zen zalantzarik izan parte-hartzaileen artean, guztiak ados egon ziren eta etapa guztietako ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna garatzen dutela ziurtatzeko, irakasleek prestakuntza behar dutela, beren eguneroko praktikaren autobehaketa eta, batez ere, gogoeta kritiko eta bateraturako espazioak eta denborak behar dituztela azpimarratu zuten.
Bi egun iraun zuen kongresuak, azaroaren 3an hasi eta 4ean bukatu zen. Mahai-inguruak eta ponentziak aukera izan ziren berdintasunaren alde hezkuntzaren eta sexu-hezkuntzaren arloan egiten ari diren hainbat ikerketa gertutik ezagutzeko. Hala, “Pedagogias transgresoras: Educación y sexualidad” hitzaldian, Bruna Alvarez antropologoak SexAFIN proiektuaren berri eman zuen. Bartzelonako Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetan 2017az geroztik egiten ari den ikerketa-ekitza proiektuaren emaitza deskribatu zuen. Metodologia parte-hartzaileen bidez, haurrek sexualitateari buruz zer dakiten jakitea da ikerketaren helburu nagusia.
“Galdetzea eta hitz egiten uztea arau-hauslea, transgresorea da”, esan zuen adituak. “Ezinbestekoa da ikasleek eskura duten informazioa ezagutzea; beraz, gure ikerketetan, besteak beste, pornografiari buruzko elkarrizketa ere irekitzen dugu”; izan ere, Alvarezek gogorarazi zuenez, ikasleek gero eta adin txikiagoetan eduki pornografikoak ikus ditzakete, eta kontsumoa gero eta intentsiboagoa da. Entzuteko beharra azpimarratu zuen, ez baita egia ez dutela esaten, ez dutela kontatzen, “esan egiten dute, baina eta ez ditugu entzuten”.
Juan Carlos Erregea Unibertsitateko psikologo eta irakasle Lucas Platerok nabarmendu zuen garrantzitsua dela “ikusezina ikusaraztea” ahalbidetuko duten espazioak eta harremanak sortzea. Irakasle gisa duen bizipenetik, azaldu zuen, hurbilketa ahalbidetzen den heinean, ikasleek sufrimendu handiko egoerak eta errealitateak erakusten eta partekatzen dituztela.
Asun Pié Balaguerrek, Ezgaitasunaren Azterketa Feministetako ikertzaileak, “Cossos educats” hitzaldian, hezkuntza ekimen guztietan zaurgarritasunak eta enpatiak eduki beharko lukeen nagusitasunaz mintzatu zen, ezin baita ahaztu azken helburua guztion ongizatea dela. hezkuntza prozesu guztietan duen urrakortasunak eta enpatiak duten zentralitatea, “ahaztu gabe, guztion ongia da azken helburua”. Ezgaitasunarengatik arbuio sentitzea, gizakion ezaugarri berezkoena, hau da ahultasuna, ez onartzea da. “Eskolak gorputza ukatu eta isilarazten du”, esan zuen Pié Balaguerrek, eta “pedagogia zaurgarritasunean, ezaugarri gizatiarrenean ardaztea” ezinbestekoa da, “azken batean, norberetik haratago, beste bat badagoela transmititzea eta ulertzea baita hezkuntza”.
Gracia Trujillok, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak, egin zuen amaierako hitzaldia. Identitatea eta orientazioa edozein dela ere, pertsona guztientzat hezkuntzan berdintasuna bermatzeko, curriculumean bestelako sexu-identitate batzuk sartzea soilik ez da nahikoa, Trujilloren ustez, “ingurune erosoak eta seguruak sortu behar dira normalizazioari uko egiteko”.