angle-left Solana kontseilariak “Irakasleen garapen profesional eredu partekatu baterantz” monografikoaren irekieran parte hartu du

Dekanoen biltzar nazionalak irakasleen formazioaren inguruan ari dira egunotan, Iruñean

2018/05/10

Hezkuntza fakultateetako dekanoen biltzarreko presidente Juan Carlos San Pedro, NUPeko errektore Alfonso Carlosena, Solana kontseilaria eta Miguel Rodriguez, NUPeko Giza Zientziak eta Gizarte fakultateko dekanoa

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak “Irakasleen garapen profesional eredu partekatu baterantz” monografikoan parte hartu du gaur arratsaldean, Hezkuntza fakultateen dekanoen Biltzarrak antolatuta. Gaur eta bihar izango da Iruñean.

Unibertsitateetako eta hainbat erkidegoetako agintari eta ordezkariek irakasleen formazioa eta irakaskuntzara sarbidea zein izan behar den aztertzeko asmoz antolatu da monografikoa. Tartean hezkuntza graduetara sarrera, irakaskuntza plana eta praktika aldia aztertuko dituzte, baina baita formazio iraunkorra, hezkuntzaren beharretara egokitzeko graduen egokitzapena eta profesioaren duintasuna eta prestigioa hobetzeko bestelako neurriak ere.

Ikasgeletan kalitatea hobetzeko agente guztiak inplikatzearen garrantzia nabarmendu du Solana kontseilariak. “Elkar banatzen dugun interes eta ardura bati erantzuten dio gaurko honek eta geu ere aspaldi ari gara lanean, egoera zuzentzeko hainbat neurri abian jarriz, beti ere bikaintasuna sustatzeko, profesioa duintzeko eta etorkizuneko irakasleen enplegagarritasuna indartzeko”, adierazi du. Ildo horretan, “prestigioa bikaintasunari atxikita doa eta horrek ikerketa jardueran gehiago egitea inplikatzen du”, azpimarratu du Solanak eta, hori dela eta, “guztion artean sustatu beharra daukagu unibertsitateko pertsonalaren ikerketa ibilbidea”.

Monografikoan hainbat erkidegoetako ordezkariekin batera izan da Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari orokor Nekane Oroz. Eztabaida mahaietako batean berari egokitu zaio Nafarroako gobernuaren Hezkuntza departamentuak unibertsitateekin elkarlanean abiarazi dituen hainbat ekimen azaltzea.

Biharko saioa NUPen

Hezkuntza fakultateen Dekanoen biltzarrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan izango du jarraipena bihar. “Eredutik inplementaziora, abiaraztea” izenburuarekin irakaskuntzara sartzeko eredua garatzeko Hezkuntza fakultateekin koordinazioan abiarazi diren, edo hasiko diren, hainbat ekimen ezagutaraziko dira.