angle-left Solana kontseilariak metodologia aktiboetan garatutako proiektuen lehiaketako sariak banatu ditu

Nafarroako Museoan gaur garatutako jardunaldiarekin amaiera eman zaio LHko zentroetan ikasturte osoan zehar egindako lanari

2018/05/23

Solana kontseilaria lehiaketan sarituak izandako guztiekin batera

Hezkuntzako kontseilaria den María Solanak gaur goizean eman dio amaiera Lanbide Heziketako metodologia aktiboen jardunaldiari, eta Nafarroako zentro ezberdinetan ikasturte osoan zehar egindako lana amaitzeko balio izan du. Itxieran, sariak eman zaizkie metodologia aktiboetan, "ACBP", garatutako proiektuen lehiaketaren 2. edizioko proiektu finalistei.

Kontseilariak adierazi duen moduan, “lehiaketara aurkeztutakoak bezalako ekimenak eta proiektuak erabat bat datoz departamentuak lanbide heziketa duin egiteko eta bultzatzeko duen estrategiarekin”. Gainera, nabarmendu du helburuetariko bat dela “gizarte garaikidearen hezkuntza-eskaerei erantzuna ematea eta, era horretan, hezkuntza-sistema fenomenoen sare konplexura egokitzea; hots, 4. industria-iraultza, multikulturalismoa edo IKTeak”.

Nafarroako dozena bat ikastetxek hartu dute parte metodologia aktiboen erabilera sustatzea helburu duen lehiaketaren bigarren edizioan. 4 finalistek, lehiaketaren irabazleek, haien lanak aurkeztu dituzte gaur Nafarroako Museoan burututako jardunaldian: Nafarroako Osasun Eskola Tekniko Profesionaleko ikasleek elikagaiek transmititutako gaixotasunari buruzko osasun-kanpaina sortzean oinarritutako proiektua aurkeztu dute, eta A kategorian irabazleak izan dira; Maria Inmaculada LHIPko Erizaintzako Zaintza Osagarrien Erdi Mailako zikloko ikasleek gaixoei oinarrizko azterketa egitearen inguruko lana aurkeztu dute, eta B kategorian irabazleak izan dira; Carlos III LHIPko ikasleek, berriz, hezkuntza-zentroan balio anitzeko espazioa sortzearen inguruko lana ezagutzera eman dute, eta C kategorian saria lortu dute; azkenik, Tafallako LHIko ikasleek kasino bat sortzeko ekimena azaldu dute, eta D kategorian sarituak izan dira. Saritutako zentro bakoitzak bost tablet jaso ditu.

Aurrean aipatutakoez gain, lehiaketan honako hauek ere hartu dute parte: Energia Berriztagarrien Goi IB, eguzki-instalazioen eta instalazio fotovoltaikoen eta termikoen muntaketaren eta mantentzearen kudeaketari buruzko lanarekin; Elizondo Lanbide Eskola, establezimendu turistikoa kudeatzeko proiektuarekin; Iruñeko Arte Eskola, modako irudien katalogoa sortzeko proposamenarekin; Salestar IB Politeknikoa, autismoa duten pertsonen bizimodua hobetzeko robotika erabiltzeari buruzko lanarekin; Nafarroako Eraikuntzaren Lan Fundazioa LHIP, harrobia sortzeari buruzko lanarekin; Nekazaritzako eta Basozaintzako IB, zentroko lorategi bihurtutako zonen bisita gidatuak ekimenarekin; Santa Catalina Laboure Ikastetxea, Oinarrizko LHko ikasketen irudia hobetzearen inguruko lanarekin; eta Cuatrovientos IB Pribatua, zentroan produktu ezberdinak saltzeko standak sortzeari buruzko lanarekin.

María Solanak zoriondu egin ditu parte hartu duten ikastetxeak eta zentro irabazleak egindako lanarengatik, eta, aldi berean ondorengoa azpimarratu du: “proiektu horien garapenean parte hartzearekin, talde-laneko eta erabakiak hartzeko gaitasunak eta hazten jarraitu ahal izateko trebetasunak hartzen dituzue”.

Lehiaketarekin batera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zenbait ekintza garatu ditu metodologia aktiboak ezagutzera emateko, eta horietan guztira 22 ikastetxek parte hartu dute (Burlata LH IB, Elizondo LH BHI, Huarte BHI, Energia Berriztagarrien Goi IB, Irunberri LH BHI, Donapea LHI, Virgen del Camino LHI, Iruñeko Arte Eskola, Hezitzaileen Eskola IB, Nekazaritzako eta Basogintzako IB, ESTNA Osasun Eskola, Lizarra LHI, Tafalla LHI, María Inmaculada LHIP, ETI LHI, Eraikuntzaren Lan Fundazioa, Salestar IB Politekniko Pribatua, Nafarroako Eskola Politeknikoa, Cuatrovientos IP Pribatua, Lantxotegi Elkartea, Echavacoiz Eskola Tailerra, Sta. Catalina Laboure IP), eta ehun bat lagun gerturatu dira. Halaber, Google-en aplikazioei buruzko bi ikastaro garatu dira proiektuen dinamizatzaileekin eta prestakuntza-saioak CEINekin elkarlanean. Horrez gain, metodologia aktiboak hedatzeko jardunaldiak egin dira ikastetxe hauetan: Iruñeko Arte Eskola, María Inmaculada LHIP, Irunberri LHI eta Donapea LHI.

Nafarroako Museoan gaur egindako jardunaldian, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusi Roberto Perezek ere parte hartu du, eta José Ramón Mandiola hizlariak “Talde-lanaren magia: ikasteko testuinguru eraginkorra” txostena aurkeztu du.

Jardunaldian Iñaki de Miguel komikoaren ondorioak ere izan dira, eta Indiana Jones-en laguntza ordainezinarekin, kolorea jarri die lanbide heziketako ikasleek aurkeztutako ekimen guztiei.