angle-left Ikasleek bakarrik eskatu ahal izango dituzte unibertsitatez kanpoko derrigorrezko ikasketetarako 2020-2021 ikasturteko bekak

Tramitatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, Cl@ve edo Ogasuneko PINa eduki beharko da

2020/10/19

Nafarroako Gobernuak 2020-2021 ikasturterako ematen dituen unibertsitateaz kanpoko derrigorrezkoaren ondoko ikasketa bekak ikasleek bakarrik eskatu ahal izango dituzte, eta tramitatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa, Cl@ve edo Ogasuneko PINa eduki beharko da.

Horixe da 2020-2021 ikasturterako beken deialdi orokorraren berritasun nagusia. Horren ebazpena Hezkuntza Departamentua tramitatzen ari da eta aurreko deialdien gainean beste aldaketa batzuk egin dira. Adibidez, beka bat lortzeko baldintza akademikoetan. Zehazki, goi-mailako arte-irakaskuntzetan eta goi-mailako erlijio-ikasketetan, gainditutako kredituen ehunekoa kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko 2019-2020 ikasturtean matrikulatutako irakasgaiei dagozkien kredituak, alarma-egoeratik eratorritako neurriak aplikatzearen ondorioz ikasleari ebaluatu ezin izan zaizkionak.

Kontuan hartu beharreko beste berrikuntza batek bekaren eskatzailearen egoera ekonomikoari eragiten dio. Hala, bada, deialdi berriak honako hau ezartzen du: “2019. urteko egoera ekonomiko aitortuek familia-unitate osoarekiko murrizketa larria izan dutenean, beka edo laguntzaren eskabidea aurkezten den egunean egiazta daitekeena; izan ere, errentak jasotzen dituen familia-unitateko kideren bat hil egin da edo lan-ezintasuneko edo langabeziako egoerara pasatu da, ERTE edo antzeko egoera bat sortu da, 2020ko alarma-egoeraren ondorioz”.

Gainera, beka edo laguntzaren zenbatekoa zehazteko, familiaren errenta erabilgarriaren arabera antolatuko dira eskaerak, atalaseen arabera. Deialdi berriak 1. atalasea handituko du kide batentzat. 8.843 euro (lehen 7.072 €zen).

Bestalde, 2020-2021 ikasturterako deialdiak 600 euroko kenkaria ezartzen die guraso bakarreko familiei, eta honako hau azpimarratzen du: “guraso bakarreko familiak dira izaera hori dutenak eta titulu ofizialaren bidez egiaztatzen dutenak, Nafarroako Foru Komunitateko guraso bakarreko familiak egiaztatzeko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz”.

Azkenik, azpimarratu behar da unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko 2020-2021 ikasturterako beka eta laguntzen deialdi orokor honen behin-behineko ebazpena eta behin betikoa Hezkuntza Departamentuaren web atariaren bidez bakarrik ezagutu ahal izango direla. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2019/2020 ikasturtean, guztira, 3.988 eskaera aurkeztu ziren Nafarroako Gobernuak unibertsitateaz kanpoko derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko beken deialdira, eta horietatik 1.674 eman ziren, guztira 573.572 euro.